«Gozatzeko, barre egiteko, jendearekin elkartzeko, dira sagardotegiak»
Nerea Garmendia aktore beasaindarra Goierriko Enbaxadore da, turismoarekin lotutako hainbat proiektutan. Gaur, Goierriko sagardotegien denboraldi berria zabaltzeko ardura izango du.
Goierriko sagardotegien denboraldiaren irekieran gonbidatu berezia zara gaur. Nola zaude? Nola sentitzen zara?
Oso-oso pozik, zoragarria da! Lehenik eta behin esan nahi dut, beasaindarra naizela eta horregatik, ilusio handia egiten didala gaur irekiera honetan egotea, eta bestetik, Madrilen bizi naizenez, aspaldi ez naiz sagardotegi batera joan, eta denboraldi bete-betean aukera hau izatea… Irrikitan nago!
Bigarrenez gainera, sagardotegien irekiera ez da betiko moduan egingo. Sektoreak bultzada berezia behar duen urtea izatea, motibazio gehigarria da hemen egoteko?
Bai, noski! Bi urte hauek oso txarrak izan dira, orokorrean, galera handiak sortuz. Baina horretaz gain, eta sentipenei arreta jarriz, gogo berezia eta irrikitan gaude denok aisiaz gozatzeko, barre egiteko, gure jendearekin elkartzeko,… Horretarako beharra ere badugu, eta sagardotegiek hori guztia biltzen dute.
Bukatzeko, momentu honetan, zertan ari zara lanean?
Goierriko enbaxadorea naiz eta hala, datorren astean Fiturren egongo gara. Baina gainera, Kulturismo izeneko proiektuarekin ere izango naiz bertan. Proiektu oso interesgarria da, kultura eta turismoa uztartzen eta sustatzen ditu: batetik, bakarrizketak eta bestetik, turismoa. Hau da, bakarrizketa saioak egiten ditudan tokietan, Campermendia izena jarri diogun furgonetan joaten naiz, eta turismoa ere egiten danez, biak bat egiten dute Kulturismo proiektuan.