«Kirolarena baino, gurasoen premia handiagoa dute haurrek»
Judoarekin lotzen den izena da Jose Manuel Paternain (Legazpi, 1956), herriko klubeko arduraduna izan delako luzaroan. Azkenaldian, jiu jitsuren ingurutik iritsi da haren berri.
Nola sartu zinen judoaren munduan?
Berandu, 16-17 urte nituela. Orduan Legazpin ez zegoen kiroldegirik, eta orduko Buen Pastor ikastetxean ematen zituzten klaseak. Manu Agirre irakasleak ekarri zuen judoa Legazpira eta harekin hasi nintzen, Gero Alfredo Medinarekin ibili nintzen.
Kiroldegia ireki zuten ondoren.
Bai, 1979-80 soldadutzatik itzuli nintzenerako Bikuña kiroldegia irekita zegoen, eta judoarekin han jarraitu nuen, entrenatzen eta gerrikoak lortzeko prestatzen.
Legazpiko judo kluba laster sortu zenuten.
Legazpira judoa iritsi eta urte batzuetara sortu zen kluba, 1983an. Handik gutxira, Manu Agirrek taldearen ardura utzi egin zuen, eta niri eskaini zidan judo klaseak ematea. Ordurako gerriko marroia lortuta nuen, eta hurrengo urtean eskuratu nuen gerriko beltza edo lehen dan-a.
Gero jiu jitsuarekin hasi zinen.
Bai. 1990an edo, eta lehen dan-a 1995ean atera nuen. Ondo gogoratzen dut urtea, Espainia mailako nire lehen txapelketan parte hartu nuelako. Iruñean jokatu zen, eta bosgarren geratu nintzen. Urte berean atera nuen lehen dan-a.
Zein da judoa eta jiu jitsuaren arteko desberdinatasuna?
Labur-labur esanda, judoa proiekzioak dira, eta lurreko lana da batez ere, eta jiu jitsun guk atemi deitzen duguna lantzen da gehiago, hau da, kolpeak eskuekin eta kolpeak hankekin. Judoan, abididez, ukondoa bakarrik luxatu daiteke, eta jiu jitsun ukondoaz gain, baita txorkatila ere. Esan daiteke jiu jitsua gogorragoa dela, baina ez bata ez bestea ez dira bortitzak, helburua ez delako inoiz min ematea, eta konbate batean beti dakigulako noiz gelditu behar garen.
Zuri zein gustatzen zaizu gehien?
Jiu jitsua. Nik beti nahiago izan ditut kolpeak, mugimendu gogorragoak.
Eta non ikasi zenuen?
Hemen ez zegoen modalitate hori praktikatzen zuen jende askorik, eta kanpora joan behar izan dut askotan, Bartzelonara, Valentziara, Zaragozara, Madrilera… Gerrikoak ere kanpoan lortu ditut.
Nola lortzen da gerriko bat edo dan bat?
Azterketa bat egin behar da, azken batean zure trebezia edo jakintza maila probatu behar duzu. Maila bakoitzak bere gerrikoa du, maila hori adierazten duen kolorearekin. Eta maila bakoitzerako, guk gokyo deitzen dugun teknika, kata eta mugimendu zerrenda bat dago, eta horiek neurtzen dira azterketan. Azterketa praktikoa da, eta gainditzeko asko entrenatu behar da.
Zuk seigaren dan-a lortu berri duzu.
Bai, udazkenean, Madrilen. Euskadiko erkidegoan bakarra naiz hori duena. Gerriko beltzarekinlehen dan-a lortzen duzu, eta hortik aurrera, dan gehiago. Nik seigarrena dut, eta guztira hamar dira, baina ez dut gehiago lortzeko asmorik, batetik bestera urte batzuk igaro behar direlako derrigor, eta ni adinean aurrera noalako dagoeneko. Seigarrenarekin pozik geratu naiz, horixe lortzea zen nire helburua.
Gerrikoak lortzeaz gain, klubean jarraitu duzu lanean.
Bai, ardura lanetan ibili naiz, eta klaseak ematen ere bai. Azkenaldian zuzendari teknikoa naiz, eta esan behar dut maila handia dagoela gure klubean. Duela gutxi, adibidez, Jon Odriozola Europa mailan ibili da lehiatzen.
Zerk erakarrita iristen da jendea zuen klubera?
Gurasoek bultzatuta etortzen dira, neskak eta mutilak, eta asko, energia erretzeko edo hiperaktibitateari aurre egiteko kirol egokia dela uste dutelako. Hori hala da, baina umeek kirolarena baino gehiago, gurasoen premia dutela uste dut nik.
Legazpiko klubari lotuta, zuzendari tekniko lanekin
Urte askoan izan da Jose Manuel Paternain Judo Legazpi klubeko arduraduna, baina postu hori Asier Berasategiri pasa zion duela 8-bat urte. Hala ere, Paternainek elkartean jarraitzen du oraindik, zuzendari tekniko gisa. Horrez gain, judo eta jiu jitsu federazioetan ere lan egiten du.
Legazpin judoa eta jiu jitsua osasuntsu daudela dio, azken ikasturtean 160 haur daude bertan izena emanda, eta plaza baten zain gehiago daude gainera. Pandemiak mesede egin omen dio klubari, osasun neurriak ezarri beharragatik, kiroldegitik atera direlako eta Haztegi ikastolako gimnasio zaharrera mugitu direlako. Gune hori handiagoa eta egokiagoa da, eta herriko erdigunean bertan dago.
Ikastaroen antolaketan bestelako aldaketak ere egin dituzte azken hilabeteetan, eta adin taldeak egokitu eta begirale gehiago dituzte orain. Begiraleen formakuntzan ere indarra jarri dute, eta metodologia ere aldatu dute.
Judo Legazpi kluba gustura dago Haztegi ikastolako kokapen berrian, eta bertan jarraitzea gustatuko litzaioke. Legazpiko elkarteak Zumarragan ere badu ordezkaritza, Ispilla kiroldegian.