1936ko Saseta defentsa sistemari buruz hitzaldia egingo du Almortzak Ataunen
1936ko altxamendu militarrari eta faxisten aurrerabideari aurka egiteko Candido Saseta kapitainak diseinatu zuen lubaki eta harresi sistema, Gipuzkoa erdialdean. Aranzadiko Karlos Almortza historialariak emango ditu xehetasunak, etzi, Ataunen.
Atauniker kultur elkarteak Saseta defentsa sistemari buruzko hitzaldia antolatu du. Ataungo udaletxeko batzar aretoan, asteazkenean (urtarrilak 26) izango da, 19:00etan hasita. Aranzadi zientzia elkarteko Karlos Almortza historialaria gonbidatuko dute.
1936ko gerra hasi berritan, Candido Saseta militar abertzalearen aginduetara eraiki zuten defentsa sistema, Azpeitiko Defentsa Batzordearen bidez. Gipuzkoa erdialdean, 1936ko abuztuan eta irailean eraiki eta hornitu zituzten lubakiak eta harresiak. Euskal Armadako komandante izango zen geroago Saseta.
Azken urteetan, indusketa arkeologikoen eta ikerketa historikoen bitartez bistarazi dute lubaki sistema hura, ahanzturatik berreskuratuta.