Juan Nuñez: "Urtero pentsatzen dut futbola utziko dudala, baina azkenean, ez dut uzten"
38 urte ditu, eta oraindik futbolean jarraitzen du. Urola taldearekin 300 partida jokatu dituela eta, klubaren omenaldia jaso du. Tatuaje denda dauka Zumarragan, eta areto dantzak ere praktikatzen ditu. Geldirik egotekoa, behintzat, ez da Juan Nuñez.
Juan Nuñez futbolaria (Azpeitia, 1983) omendu zuen joan zen asteburuan Urola taldeak, gizonen talde nagusiarekin 300 partida jokatu dituelako. Erdilariak hamahiru denboraldi egin ditu Urretxu-Zumarragako (Gipuzkoa) klubean, eta momentu ugari bizi izan ditu han.
Azpeitiko Uztarria aldizkariak elkarrizketa egin dio (sartu loturan osorik irakurtzeko). Hauek dira utzi dituen esaldietako batzuk:
“Momentu asko pasatu ditut han, eta polita izan zen omenaldia. Ederra da klubak baloratzen zaituela ikustea”.
“Lehiatzea beti gustatu izan zait. Horrez gain, futbolaren bueltan sortzen den lagunarteko harremanak asko ematen du”.
“Gutxiago entrenatzen duenak gutxiago jokatu behar du. Ni beti izan naiz entrenatzekoa, baina orain, lana tarteko, zailagoa egiten zait”
“Nire ibilbidean ez dut lesio garrantzitsurik izan, eta horrek lagundu egin dit. Zortea izan dut alde horretatik”