Nafarroa 23 estudioa, ontziola
Iñaki Mezquita itsasontzi modelistak maketak nola egiten dituen azalduko du Nafarroa 23 estudioan. Jose Mari Telleriak itsasontziei zuzeneko argazki sesio bat egingo die
Nafarroa 23 estudioa estua eta itsasotik banandutakoa izan arren, itsasontzi bat eraikiko dute bertan. Eskalan, nola ez. Iñaki Mezquita itsasontzi modelista izango da urtarrileko Irudiak eta hitzak bildumako protagonista. Barkuen maketak nola egiten dituen eta hauen ezaugarriak eta historia azalduko du; Jose Mari Telleria argazkilariak zuzeneko argazki sesioa egingo du kea egiteko makinarekin, itsasoko behe lainoa imitatzeko. «Inportanteena Iñakiren zatia da», kendu dio inportantzia Telleriak bera, Nafarroa 23 estudioko arduradunak.
Telleriak azaldu du bildumarako sortzaileen bila elkarren arteko lagun batzuen bidez egin zutela topo. «Buruan bueltaka nuen halako zerbait egitea. Baina buelta asko eman behar zaizkio ideiak bururatzeko eta gauzatzeko», azaldu du. Lehen unetik aritu dira ilusionatuta elkarrekin. Proiektu «oso polita» dela aitortu du.
Bisita gidatua etzi egingo dute. Egun bakarrekoa izango da, baina hiru txanda egingo dituzte inor kanpoan geratu ez dadin. 17:30ean, 18:30ean eta 19:30ean. Halere, aurrez izena eman behar zenez, plaza guztiak beteta daude. Jendearen erantzunak ematen dio poza ez du ezkutatu Telleriak. «Harrigarria da. Irudiak eta hitzakekin egin ditudan saio guztietan bete da edukiera». Datozen hilabeteetako saioak ere bideratuta ditu. Elkarren artean «ezberdinak» izango direla aurreratu du.
Saioa Gabonetatik bueltan ziren egitekoak baina osasun egoeragatik eta Mezquitak eskari bat jaso zuelako atzeratu egin zuten. Modelistak, beretzako lanez gain, eskakizunen araberako itsasontziak ere egiten ditu.
Itsasontzien modelismoa ontzi errealen maketak egitean datza. Bi eratakoak izan daitezke: nabigagarriak edo zurrunak. Nafarroa 23 estudioan ikusgai egongo diren zazpi maketak lehorrekoak izango dira. Kasko osokoak, zehazki. Izan ere, zurrunen barnean, beste banaketa bat egiten da: osorik ikusten dena ala ur-marratik gorakoak.
Ontziak bezain zaharrak
Maketena aspaldiko zaletasuna da. Ia, itsasontziak bezain zaharra. Egipton Kristo aurreko 2.000. urteko miniaturak aurkitu dituzte.