Nafarroa 41eko familiak lortu du nora joan eta etxebizitza utziko dute
Gaur 14:00etan amaituko da aurreko astean adostutako luzapena. Etxearen jabearen familiak ere afera amaitzeko gogoa aitortu du, eurentzat ere «gogorra» izan delako
Azken urte eta erdian Nafarroa 41ean bizi izan den familiari gaur 14:00etan amaituko zaio etxebizitza uzteko epea, aurreko asteko akordioa iraungitzean. Mattin Intsausti Goierriko Kontseilu Sozialistako kideak atzo Segura Irratian baieztatu zuen tarte honetan nora joan lortu dutela eta, beraz, eraikina garaiz utziko dutela.
Kontseilu Sozialistak «lortutakoa antolakuntzari esker» izan dela azpimarratu zuen ohar bidez. Borrokan jarraitzeko deia egin zuten: «Etxebizitza doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala dugu helburu, eta etxegabetze bakoitzean proletariotzaren antolakuntza independentea indartzen jarraituko dugu».
Etxebizitzaren jabearen familiak ere afera ixteko gogoa zuen, eurentzat ere «gogorra» izan delako. Kexu dira maizterrak ez duela alternatibarik topatu azken unera arte, nahiz eta epaileak azaroan ezarri etxea husteko epemuga. Beasaingo Udalak dio lehen unetik izan dituela gizarte zerbitzuak laguntzeko prest.
Etxe jabeak dio, epea gainean izanda egoera tenkatu egin dela eta eurei familia bat kalean uztea egotzi dietela sentitzen dutela, halakorik ez zutela nahi behin eta berriz azpimarratu arren.
«Engainatuta» sentitzen dira: urteetan alokairuan izan duten beste etxebizitza baten esperientzian oinarrituta, Nafarroa 41ekoa ere errentara bideratu zuten. Ez ordaintzeak lehen hilabetetik hasi zirela baieztatu dute, eta zorrak geroz eta gehiago pilatzen ari zirela. Egoera larritzen ari zela ikusirik, epaitegietara jo zuten.
Amaiera
Aferaren ondorioak berehalakoan ez direla amaituko uste dute. Etxea zein egoeratan izango den kezkatuta daude. Esaterako, badakite itoginak dituela, baina ezin izan dute orain arte konpondu. Egoera honek bizilagunen artean ere ezinegonak eragin ditu.
Pilatutako zorra berreskuratuko ote duten ere ez dute argi ikusten. 8.000 eurotik gorakoa dela azpimarratu dute.