Ormaiztegiko igerilekuan aldagelak jartzeko lanak hasiko dituzte egunotan
Sorosleentzat eta elbarrientzat egokitutako aldagela bana jarriko dute, eta baita taberna bat ere. Kiroldegiko aldagelekin izandako «erabilera arazoak» konpontzeko izango dela azaldu du alkateak
Ormaiztegiko udal igerilekuak itxura berria izango du laster. Zubipe kiroldegiko aldagelak erabili ohi dituzte igerilekuko erabiltzaileek udan, baina aurrerantzean bainua hartzeko eremuan bertan aldatzeko aukera izango dute. Udalak aldagelak jarriko ditu igerileku ondoan. Lanak aste honetan hastea aurreikusi dute, eta hiru asteko iraupena izango dute. «Kiroldegiko aldagelak erabiltzeak dakartzan arazoei aurre» egingo dio udalak proiektu berriarekin.
Aste honetan bertan ekingo diete lanei Jon Enrique Galarza alkateak azaldu duenez. «200 metro karratu inguruko» eremuan egingo dituzte aldagelak. «Obra zibila egingo da lehenengo, ondoren estolderia eta zimentazioa, eta azkenik moduloak kokatuko dira, aldagelak bertan jartzeko». Sorosleentzako aldagela bat, elbarrientzat egokitutako beste aldagela bat eta publiko orokorrari zuzendutako beste bi aldagela izango dira. Taberna eta biltegia ere izango ditu eremu berriak.
Sarbide zuzena
Alkateak azaldu du «onena» dela aldagelak igerilekuan bertan izatea, azken urteetan erabilera arazoak izan dituztelako. «Aforoak kontrolatzeko kiroldegiko instalazio barruan arazoak izan ditugu, eta osasun arlotik ere sarbide zuzena izango dute erabiltzaileek aldagela berriekin».
Aldagelak igerileku ondoan jarrita, kiroldegira oinutsik joatea ere saihestuko dute, eta sarrera eta irteera bereizita egongo dira. «Legearen arabera sarrera eta irteera bana egon behar da. Arautegira egokituko dugu eremua».
Udarako prest
Iaz igerilekuko askan egin zituen lanak udalak, haurrentzako eremua egokituz eta sakonera kenduz, eta aurten aldagelen obra jarri du martxan. Ondo bidean, hilabete barru amaituta egongo dira. Erabiltzaileentzat udarako egongo dira erabilgarri, eta ez dute kiroldegira joan beharko aldatzera.