Otsailaren 18ra luzatu dituzte Beasain-Bergara bidesariari buruzko saioak
Kanpaina urrian hasi zenetik 5.000 lagun inguru joan dira herriz herri egiten ari diren informazio saioetara. Datozen asteetan ere izango da aukera.
Urtarrilaren 18tik martxan dago A-636 Beasain-Bergara errepideko bidesaria, eta errepidea erabiltzeagatik kanona kobratzen dute dagoeneko. Urriaren 25ean erabiltzaileentzat informazio-kanpaina jarri zuen abian Gipuzkoako Foru Aldundiak, autobidetik gertu dauden eta teleordainketako gailurik ez duten biztanleentzat. Informazio saioen egutegia luzatu dute eta bidesariari buruzko aurrez aurreko zerbitzua otsailaren 18ra arte izango da.
Kanpainaren helburua «erabiltzaileek Abiatu gailua aurrez aurre eskatu ahal izatea, beren ibilgailuaren matrikula banku-txartel batekin lotzea eta erabiltzaileen zalantzak argitzea» da aldundiak ohar baten bidez azaldu duenez. Kanpaina hasi zenetik, «Bidegiko arreta zerbitzukoek 5.089 herritar artatu dituzte urtarrilaren 21era arte». Izandako erantzuna dela eta, zerbitzua luzatzea erabaki dute.
Hilaren 31tik aurrera
Beasainen, udaletxean, urtarrilaren 31n eta otsailaren 8an izango da zerbitzua. Zumarragan otsailaren 1etik 14ra izango da, Zelai Arizti kultur etxean, Idiazabalen otsailaren 3an udaletxean, Urretxun otsailaren 2tik 11ra udaletxean, Legazpin otsailaren 4tik 15era udaletxean, Ormaiztegin otsailaren 7an gizarte etxean, eta otsailaren 10ean Ezkio-Itsason, udaletxean.