Partaidetza datu altuak utzi ditu iazko kultur jardunak Legazpin
Udaleko kultura sailetik antolatutako ekitaldietara 9.500 pertsona inguratu dira. Kultura zinegotziak «datu oso onak» izan direla nabarmendu du. Inauteriak, airean
Pandemiak ez du Legazpiko kultur agenda geldiarazi, eta 2021ean zehar antolatutako ekitaldietako partehartze datuek egiaztatzen dute hori. Horren berri emateko prentsaurrekoa egin zuen Iñigo Imaz kultura zinegotziak. Hitzordua Agirre-Etxeberri parkean egin zuen, iazko kultur ekitaldietako batzuk bertan egin zirela gogoratzeko: «Joko handia eman digun gunea izan da».
Partaidetza emaitzak ikusita, «legazpiarrak kultur ekitaldiekin inplikatzen direla argi dago», adierazi zuen Imazek, eta eskerrak eman zizkien herriko kultur erakundeei, haiek gabe «jarduera hori guztia gauzatzea ezinezkoa izango litzatekeelako».
Zinegotziak gogoratu zuenez, pandemiaren erruz areto eta bestelako guneen edukierak kontrolatu behar izateak egin du posible kultur ekitaldietako partaidetzaren neurketa. Eta horrek «oso datu interesgarriak utzi dizkigu datozen urteetarako, jendeak zer nahiago duen jakiteko».
Partaidetza datu onak
Partaidetza datuak «oso onak» izan direla nabarmendu du, «pandemia erdian gaudela kontuan hartuta». Batez beste, udaleko kultura sailetik antolatutako ekitaldietara 9.500 pertsona inguratu dira urte osoan zehar.
Zinema, dantza, antzerkia, musika, erakusketak… Era askotako ekitaldiak izan dira, eta horiek hartu dituzten lekuak ere bat baino gehiago: Kultur Etxea, Udal Liburutegia, Latxartegi aretoa, Haztegi ikastolako patioa, parrokia, Agirre-etxeberri parkea eta kalea eta plaza. Kalean eta plazan egindakoek izan dute harrera handiena (3.131), eta horien ondoren Latxartegikoek (1.693), Haztegikoek (1.647), eta Agirre-etxeberrikoek (1.647).
Horiez gain, zenbatu ezin diren beste ekitaldi batzuk ere aipatu zituen Imazek, hain zuzen Goiz Deia txistularien hileroko kalejirak, Legazpi Musika Bandaren kalejirak, Kultur Etxean egin ohi diren erakusketak eta Arkatza, Txirbil eta Irule bezalako elkarteek emandako ikastaroak. Abenduan La Palmaren alde Et Incarnatus orkestraren eta Rogelio Botanzen partaidetzarekin egin zen kontzertua ere ekarri zuen gogora, «legazpiarren elkartasuna» eskertuz.
Amaitzeko, 2022a izan zuen hizpide, «ea aurten bultzada bat ematen diogun kulturari». Inauterietaz galdetuta, aurtengoak ospatuko diren udalak oraindik ez duela ezer erabaki aurreratu zuen.