Bapatean, Unai Arnaz Matematikako garaile
Lemniskata sareak Argizpi elkartearekin antolatutako lehiaketara 200 argazki baino gehiago aurkeztu dira. 40 onenak Igartzan daude ikusgai
Unai Arnaz Imaz lazkaotarraren Bapatean argazkiak irabazi du Lemniskata sareak Argizpi elkartearekin antolatzen duen Matematika argazki lehiaketa. “Ez nuen espero”, aitortu du saria jasotzerakoan. Lehiaketara aurkeztu den lehen aldia zuen.
Argazki bertikala da: urez betetako puxika gorri batek eztanda egiten duen unea erakusten du, oinarri beltzean. Puxikak, gainera, bihotzaren forma hartu zion, nahigabe bada ere. “Argi nuen zein argazki bidali”, esan du. “Dozena bat saiakera egingo nituen. Konfinatuta negoen eta nahi adina denbora nuen”, osatu du. Argazki simetrikoa da.
Toni Barbany Bosch Kataluniarrak egin du bigarren eta Florentino Molero Gutierrez espainiarrak, hirugarren. Miguel Angel Perez Herrerorentzat izan da herriko saria. Denera, 204 argazki aurkeztu dira lehiaketara, bi kontinentetatik eta lau herrialdetatik. 40 lanik onenak Igartzako erakusketa aretoan daude ikusgai, otsailaren 13ra arte.
Emaitza:
|
||
1. saria | Unai Arnaz Imaz | Bapatean |
2. saria | Toni Barbany Bosch | Tasses_ou |
3. saria | Florentino Molero Gutierrez | Increible |
Herriko saria | Miguel Angel Perez Herrero | Distinta |
Jose Luis Etxezarreta Lemniskatako kideak azpimarratu du maila handiko argazkiak direla, gehienak propio argazki lehiaketarako egindakoak direlako. Simetriekin jolasten dute, forma geometrikoekin, kurbaturekin… Zenbaki bakar bat ere ez dago. “Matematikaz zenbat eta gehiago jakin orduan eta erreferentzia gehiago ikusten dira”, bota du erronka Etxezarretak.