Covid 19aren aurkako babes neurriak otsailaren 13ra arte luzatu dituzte
Ostalaritzako ordutegiak eta edukiera neurriak beste bi astez mantentzea erabaki du LABI batzordeak. Covid ziurtagiriak ere indarrean jarraituko du, eta beste esparru batzutara zabaldu nahi du Jaurlaritzak.
Iñigo Urkullu lehendakariak gaur goizean aurreratu duena baieztatu du LABI batzordeak, arratsaldean egindako bileran. Covid-19aren aurkako babes neurriak beste bi astez luzatuko dituzte, otsailaren 13ra arte. Datuek urtarrilaren 11n jo zuten goia, eta geroztik jaisten ari dira, baina espero zitekeena baino motelago. Urkullu lehendakariak goizeko adierazpenetan gogorarazi du, azken neurri horeik indarrean jarri zirenean baino “egoera okerragoan” gaudela orain, eta horrenbestez, neurriak mantentzearen aldekoa dela.
Neurriei dagokionean, Covid ziurtagiriak derrigorrezkoa izaten jarraituko du ostalaritzan, eta haren erabilera, beste eremu batzuetara zabaltzeko eskatu dio Jaurlaritzak EAEko Auzitegi Nagusiari, hala nola, hotel eta ostatuetara eta apustu-etxeetara. Azken asteetan indarrean egon diren neurriak ere bere horretan mantenduko dira; ostalaritzak goizeko ordubatean itxi beharko du, ezin izango da barran kontsumitu, eta gehienezko edukiera neurriek ere indarrean jarraituko dute.