Igartza Musikak bertakoari eta kalitateari egingo dio gorazarre
Zikloak zortzi kontzertu izango ditu ekainera arte. Xabier Sarasolak entzuleei zin egin die «asko» jasoko dutela bueltan. Kontzertu ia guztiak doakoak izango dira.
2022ko Igartza Musika programako lehen kontzertua etzi izango da. Pello Ramirez ordiziarra igoko da oholtzara, Nacho Sotorekin batera. Atzetik, ekainera bitartean hilabetean behin gutxi gorabehera, beste zazpi kontzertu izango dira. «Goi mailakoak», antolatzaileen hitzetan. Baina, beti ere, lurraldetasuna aintzat hartuta. Xabier Sarasola Loinaz musika eskolako irakasleak azaldu du «bertakoa» hobestu dutela programa antolatzerakoan: Olatz Zugasti, Txomin Artola, Bilboko txistulari banda…
Loinatz abesbatzak ere izango du tokia. Herriari keinua dela zehaztu du Sarasolak. Igartzako jauregian aurreikusi dute, edukiera hobeto kontrolatzeko. Apirilerako mugak ezabatuko balira, parrokiara lekualdatuko lirateke, jende gehiagok entzun dezan. Aldaketarik badago garaiz abisatuko dute.
Sarasolak Le quartet ideal laukotea azpimarratu du. Josu Okiñena piano-jotzailea da taldearen sortzailea. Okiñenak munduan zehar ezagutu dituen musikariak euskal konposizioetara erakarri ditu. Batura zikloa antolatu dutu, Euskal Herrian zehar hainbat kontzertu eskaintzeko. Bi programek bat egingo dute.
Mundura begira
Euskal Herriko musikariez gain atzerrikoak ere izango dira Beasainen. Urteroko legez, iazko Igartza Musika Beka irabazi zuten Musikeneko ikasleek kontzertua eskainiko dute. Juan Carlos Luna klarinete-jotzailea eta Johan Alexander Rivas kontrabaxu-jotzailea taularatuko dira. Martxoan izango da kontzertu bikoitza.
Marcos Salcines pianistak ez zuen bekarik irabazi baina epaimahaia txunditu egin zuen. Berak ere izango du jotzeko aukera. Ziklokoaren lehen txandako azken kontzertua izango da, ekainean. Ion Dorregarai eta Dani Domingez izango ditu alboan. Jazz doinuak joko dituzte.
Kontzertu ia guztiak doakoak izango dira. Halere, edukiera mugatuta dagoen bitartean, gonbidapenak eskuratu beharko dira Beasaingo Udalaren bidez. Zugastiren emanaldia izango da soilik ordainpekoa. Sarrera bakoitza 12 euro izango da.
Igartza Musika
Emanaldi guztiak doakoak dira, Olatz Zugastirena izan ezik.
· Urtarrilak 30. Pello Ramirez, 19:00etan, Igartzako jauregian.
· Otsailak 11. Olatz Zugasti, 20:30ean, Usurbe antzokian.
· Martxoak 6. Txomin Artola, 19:00etan, Igartza Jauregian.
· Martxoak 20. Igartza Bekako irabazleak, 19:00etan, Igartzan.
· Apirilak 3. Loinatz abesbatza, 19:00etan, Igartzako jauregian.
· Apirilak 24. Le quartet ideal, 19:00etan, Igartzako jauregian.
· Maiatzak 15. Bilboko txistulari banda, 19:00etan, Igartzan.
· Ekainak 10. Marcis Salcines trio, 22:00etan, Igartzako jauregian.