Kawa Leauma omenduko du bihar Ordizia Rugbyko «familia osoak»
Bihar, larunbata, Ciencias Enerside taldearen aurkakoaren ondoren, agurra dantzatu eta harekin bizitako momentu onenak oroituko dituzte. Diru bilketa ere egingo dute.
Aurreko egunetan iragarri bezala, Ordizia Rugby elkarteak omenaldi berezia egingo dio Kawa Leaumari. Ekitaldia bihar, larunbata izango da, Altamiran, 16:00etan hasiko den Ampo Ordizia eta Ciencias Enerside taldeen arteko partidaren ostean.
Ordizia Rugbiko «familia osoak, zuzendaritzak, talde teknikoak, jokalariek, delegatuek, bazkideek, zaleek eta Altamira errugbi-zelaira gerturatzen diren denek agur berezia» eskainiko diote Kawa Leauma Ampo Ordiziako jokalari izandakoari. Keinu horrekin, samoarrak utzitako arrastoa irudikatu nahi dute. Taldekide izandakoek, dagoeneko egin zioten lehen omenaldi bat, urtarrilaren 9an, Burgosen aurkako neurketaren aurretik, minutu bateko isilunea eginda, eta egun horretan lortutako garaipenarekin. Harrezkero, jokatu dituzten partida guzti-guztietan oroitu dute, modu batean edo bestean.
Alabaina, Ordizia Rugbik beste ekitaldi bat antolatu du biharko. Kawaren irudia gogoratuko dute eta ohorezko agurra egingo dute dantzari eta txistulariek. Ondoren, bideo bat proiektatuko da, Ordizia Rugbiko elastikoa jantzita Kawak bizi izan zituen momentuak oroituz.
Diru-bilketa
Ordizia Rugbik berak helarazi duen moduan, ekitaldiaren helburua, klubean arrastoa betiko utzi duen gizona agurtzeaz gain, bere familiarentzako dirua biltzea da, hala, Leaumaren heriotzaren gastuekin laguntzeko. Aletxo bat jarri nahi duten horiek, bide desberdinak izango dituzte. Batetik, ES48 3008 0225 11 4597388927 kontu korrontea ireki dute. Posible da baita ere, Bizum bidez laguntza ematea, 660 455 198 zenbakira.
Gainera, larunbatean, 12:30etik 14:30era, Ordiziako Plaza Nagusian itsulapiko bat jarriko dute dirua biltzeko, eta ekintza bera errepikatuko da, Altamiran, partidaren orduan.
Azkenik, Ordizia Rugbik «eskerrak» eman nahi ditu, «jardunaldi honetan bultzatutako ekimenean, erakunde, enpresa eta partikularrek eman duten laguntzagatik».