Olentzero Solidarioak 631,55 euro lortu ditu
Gipuzkoako Elikagaien Bankura bideratuko du dirua ZerainLabek.
Aurten ere Olentzero Solidarioa ekimena antolatu du ZerainLabek. Abenduaren 24tik urtarrilaren 9ra diru bilketa jarri zuen abian elkarteak, herritarrek haien ekarpena egin zezaten, eta gaur aurkeztu dute diru-bilketaren emaitza. 631,55 euro lortu dituzte guztira, eta Gipuzkoako Elikagaien Bankura bideratuko dute, elikatzeko zailtasunak dituzten herritarrentzat.
Aurkezpenean izan dira Belen Mendez Gipuzkoako Elikagaien Bankuko presidentea, Jose Mari Beitia Bergarako biltegiko arduraduna eta Jesus Ezeizabarrena ZerainLabeko kidea. Mendezek eskerrak eman dizkie diru ekarpena egin duten zeraindar guztiei: “Emozionatu egiten gaitu Zerain bezalako herri batean kontziente direlako Gipuzkoan daukagun arazoaz, oso eskertuta gaude”. Azaldu duenez, pandemia dela eta bankuko erabiltzaileen kopuruak %20 egin du gora. Beitiak udaberrian egingo duten kanpainan parte hartzera deitu ditu herritarrak. “Udaberriko kanpaina nahiko ona izatea espero dugu, hala egiten dugun lanarekin jarraitu ahal izango dugu”.
ZerainLabek bigarren urtez segidan egin du lan Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin, iaz ere horretara bideratu baitzuten lortutako dirua. “Aurten ere gauza bera egitea pentsatu dugu eta ondo joan da, iazko kopurua gainditu dugu. Eskerrak eman herriko jendeari parte hartu dutelako”, adierazi du Jesus Ezeizabarrenak. Iaz 613,30 euro lortu zituzten.