Gizarte arretan gastatuko du gehien udalak aurten ere
Udal gobernu taldeak 2022rako aurreikusi dituen diru kontuak aurkeztu ditu. Udal finantzak egoera onean daude. Gizarte arretaren atala da gasturik handiena
Aurtengo udal jarduna gidatuko duen aurrekontua aurkeztu zuen atzo Legazpiko udal gobernu taldeak udaletxean. Koldobike Olabide alkatea eta Maite Lonbide, Amaia Zaldua, Jabier Iraeta, Erik Galvez eta Iñigo Imaz zinegotziak arduratu ziren bakoitzaren ardurapean dauden ataletarako aurreikuspen ekonomikoen berri emateaz.
2022rako udal aurrekontua 11.306.961 eurokoa da, iazko abenduaren 21eko udalbatzak hala erabakita. EAJ eta PSE-EEren aldeko zazpi boto jaso zituen proposamenak, EH Bilduren sei abstentzio, eta Legazpiko Berdeak taldearen ezezkoa. Alkateak «garrantzi handia» eman zion bozketaren emaitzari, «beste ekitaldietan baino kontsentsu zabalagoa lortu dugulako».
Egoera ekonomiko ona
Aurrekontuaren exekuzioa planifikatzen hasia dago udal gobernu taldea, eta lan horri udal finantza «orekatu eta osasuntsuekin» egingo diote aurre, alkateak zehaztu zuenez. Izan ere, Legazpiko Udalak 0 defizita du eta 2021eko ekitaldia 131.000 euroko superabitarekin itxiko du. Bestetik, udalaren zorpetze indizea %1.25ekoa da, eta likidezia 19 egunekoa.
Diru sarrerak ere igo egin direla nabarmendu zuen alkateak, batez ere aurreko urtearekin alderatuta, zeinetan ia 900.000 euroko kreditua eskatu behar izan zuen udalak aurrekontua osatzeko. Aurten, «COVID aurreko kopuruak» berreskuratu direla adierazi zuen.
Horrek guztiak, «pertsonak erdigunean jartzen dituzten aurrekontuak osatzeko aukera» eman dietela zehaztu zuen jarraian.
Gastuen banaketa
Gastuen atalaren berri eman zuen ondoren alkateak, eta azaldu zuenez, aurtengo ekitaldirako aurreikusitako 11.306.961 euroetatik %43 kontratuak ordaintzeko izango dira, beste %35,5 langileak ordaintzeko, %12,7 Sasieta edo Urola Garaiko Mankomunitatea bezalako beste erakunde batzuei dagozkien ekarpenak egiteko, eta %7 inbertsioetarako.
Bestalde, gastu osoaren erdia baino gehiago zazpi programek eramango dutela nabarmendu zuen Olabide alkateak, eta horien artean handiena gizarte arreta izango dela zehaztu zuen, 2.315.291 eurorekin; proportzioan, «legazpiar bakoitzeko 278 euro gastatuko ditugu». Kirolen atala da hurrengo gastu handiena (1.019.973 euro), bide publikoena hirugarrena (716.151 euro), gobernu organoena gero (699.283 euro), eta hondakinen kudeaketa (650.000), segurtasuna eta orden publikoa (627.508 euro) eta administrazio publikoa (581.433 euro), ondoren. Zinegotziek eman zituzten programa guztien xehetasunak.
Gastuak beste era batera begiratuta, udalaren kudeaketa gauzatzeko sortu ziren hiru ataletako banaketa hauxe da: Herritartasunak, aurrekontu osoaren %45 eramango du (iaz baino gehiago, orduan %41,2 jaso zituelako); Lurraldeak %34, iaz baino gutxiago (%36,5); eta Antolaketak %21, iaz baino gutxiago baita ere (%22,3).
2022ko aurrekontuak
HERRITARTASUNA
Kopuru osoa. 5.115.356 euro, %45.
Partidak: Gizarte arreta (2.315.291€), kirola (1.019.973 €), hezkuntza (498.449 €), kultura (424.033 €), gazteria (204.285 €), euskaltegia (187.987 €), jaiak (131.500), euskara (130.092 €), enplegua (105.200 €), turismoa (51.547 €) eta merkataritza (47.000 €).
LURRALDEA
Kopuru osoa. 3.794.709 euro, %34.
Partidak: Bide publikoak (716.151 €), hondakinen kudeaketa (650,000 €), segurtasuna eta orden publikoa (627.508 €), kale garbiketa (453.800 €), hirigintza (436.629 €), parkeak eta lorategiak (251.900 €), nekazal garapena (237.281 €), argiteri publikoa (255.000 €), hiri garraioa (106.930 €), ingurunea (86.010 €) eta hilerria (23.500 €).
ANTOLAKETA
Kopuru osoa. 2.396.896 euro, %21.
Partidak: Gobernu organoak (699.2833 €), administrazio orokorra (581.433 €), politika ekonomikoa eta zerga politika (447.736 €), ezustekoak (210.000 €), ondarearen kudeaketa (183.013€), hiritarrei arreta (177.5338 €) eta zor publikoa (97.898 €).













