Xabi Zurutuza, MTA talde italiarraren pilotu berria mundialerako
Junior mailako GP Moto3 mundu mailako zirkuituan ariko da motor gidari legazpiarra, MTA talde italiarraren babespean; Zurutuzaren aldeko apustua egin du eskuderiak.
MotoGP kategoriara iristeko bidean pauso berria egin du Xabi Zurutuza legazpiar gazteak. Denboraldi berrian MTA talde italiarraren babespean lehiatuko da junior mailako GP Moto3 mundialean, Kotaro Uchiumi japoniarrarekin batera. MTA-k ofizialki aurkeztu ditu bi pilotuak, Italian bertan, taldearen egoitzan.
Aurkezpenean, Alessandro Tonucci pilotu ohiak eta MTA taldeko team managerrak taldearen sendotasuna goraipatu zuen baina, batez ere, fitxatu berri duen pilotu euskaldunaren gain jarritako itxaropena azpimarratu zuen: «Espainiako harrobian dagoen talenturik handienetakoa da Xabi Zurutuza. Aurreko denboraldian gertutik jarraitu genuen, eta jakin badakigu zer egiteko gai den. Elkarrekin gauza handiak egingo ditugula uste dut».
Zurutuzak azken denboraldian egindako lana ere nabarmendu zuen, Europa mailako txapelketan lortutako bost podiumak eta bi garaipenak, batez ere. Maila horretan esperientzia falta izan arren, aurrerapauso handiak eman dituela eta lehen postuetan borrokatzeko gai izan dela aipatu zuen.
Motoan, 2 urte zituenetik
Xabi Zurutuzak, bere aldetik, Euskal Herrian moto lasterketen inguruan zaletasun gutxi egon arren, bera moto gainean 2 urte zituenean jarri zela lehen aldiz gogoratu zuen aurkezpenean: «Aita eta bi anaiak motozaleak ziren, beraz, ni ezin futbolari atera». Ordutik motoa da bere «afizio nagusia».
Lehian dagoeneko urte batzuk daramatzala ere gogoratu zuen, eta SuperMotar kategorian Espainiako txapeldun hainbatetan izan ondoren, duela hiru urte abiadako lasterketetara egindako saltoa nabarmendu zuen.
Orain 15 urte ditu Zurutuzak, eta Moto3 mailan bi urte eman ondoren Mundialera salto egiteko asmoa zuela hasieran adierazi duen, «baina araudia aldatu da, eta 18 urte izan behar dira pauso hori emateko. Ezin izango dut hori egin, baldin eta ez badut txapelketa irabazten, beraz, igo nahi badut, garaipena lortu beharko dut. Nire helburua MotoGP-ra iristea da».
MTA taldearen indarra
Legazpiarrak pilotatzeko duen gaitasunean konfidantza handia duela erakutsi zuten adierazpen horiek, baina MTA taldeak transmititzen dion indarra ere ez zuen alboratu nahi izan. Izan ere, Team MTA laguntza tekniko garrantzitsua emango dion egitura indartsuko taldea da.
Zurutuzak KTM moto ofiziala izango du eta, atzetik, hainbat babesle, horien artean pilotatzeko garaian duen talentuak erakarri dituen berri batzuk. Babesle berri horiei esker, Dainese eta AGV etxeen laguntza izango du eskularruetarako, botetarako, lehiatzeko monorako eta kaskorako.
Aldatuko ez duen bakarra zenbakia izango da, 85a eramaten jarraituko du.