Bart egindako txikizioak salatu ditu Udalak
Karpan sua egin, frontoiko komunak puskatu, argiteria puenteatu eta loreontziekin bidea itxi dute. Udalak gertakari "oso larriak" direla adierazi du sare sozialen bidez.
Idiazabalgo Udalak sare sozialetan zabaldu du bart txikizioak izan direla herrigunean. Plazako karpan sua egin da, loreontziak bota eta bidea itxi da, frontoiko komunak apurtu dira eta argiteria puenteatu da. Gertakariak salatu eta “oso larritzat” jo ditu udalak. “Ertzaintzak eta suhiltzaileek esku hartu behar izan dute gehiagora joan ez zedin. Idiazabalgo herriaren eta herritar guztien aurkako eraso hauek onartezinak dira”. “Larriena”, nabarmendu du, “egileak ez direla kanpotik etorritakoak, Idiazabalgo herritarrak direla”.
Aste honetan San Blas jaiak ziren ospatzekoak, baina bertan behera utzi behar izan dituzte aurten covid-19agatik. “Egun hauetan elkartzeko nahia ere zilegia eta ulertzekoa da. Baina bizikidetza apurtzen duten jarrera hauek ezin dira onartu eta udal honen gaitzespen sendoa dute”.