Norbere gorputza onartzearen artea
Emakumeen bularrak hartu ditu ardatz bezala. Bainujantziak erakusteko erabiltzen diren plantxak margotu ditu. Iktusa dela eta, berak ere gorputzaren aldaketa prozesu bat jasan du
Pablo Albisua zumarragarrak Gorputz berdingabeak. Gorputzaren onarpena erakusketa ireki du Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Erakusketa hau hilaren 20ra arte egongo da zabalik. Astelehenetan eta ostiraletan, 19:00etatik 20:00etara, bisita gidatuak eskainiko ditu.
Albisuak amarengandik jaso zuen arte zaletasuna. «Anai-arreba guztioi musika eta arte zaletasuna transmititu nahi izan zizkigun. Musika arreba zaharrenak bakarrik ikasi zuen eta artean, berriz, Itziar eta biok jarduten gara».
Birziklatutako materialekin lan egitea gustatzen zaio. «Materialei bigarren aukera bat emateko nahia edo beharra dut. Apartatu nintzenean sortu zitzaidan behar hori. Eztanda bat izan zen. Lur jota nengoen. Bere funtzioa ondo bete eta alde batera uzten diren materialekin identifikatuta sentitu nintzen. Izan ere, nire egoera hori zen. Bizitzan zintzo jokatu arren, kakaren hurrengo gelditu nintzen. Horrek amorrazioa eman zidan eta berez nuen artearekiko zaletasunari materialen birziklatzea gehitu nion. Lehen erakusketa familiaren eboluzioari buruzkoa izan zen eta oraingoa gorputz guztien onarpenari buruzkoa. Horretarako, emakumeen bularrak hartu ditut ardatz bezala».
Bainujantzien plantxak
Horretarako, emakumeen bainujantzien plantxak erabili ditu. «Anaiaren kirol-dendaren biltegian zeuden bainujantzi plantxak erabili ditu. Anaiak, bota aurretik, niri eskaini zizkidan. Gorputz guztiak berdinak direla, gorputz guztien oinarria berbera dela, guztiak balekoak direla, aldarrikatzeko» erabili dituela azaldu du.
Mezu horrek bere egoerarekin lotura estua du. «Iktus bat izan nuen. Ezkerra nintzen eta ezkerra galdu dut. Eskuineko eskuarekin moldatu beharra dut. Lehen oso marrazkilari ona nintzen eta orain ezin dut lehen bezala margotu. Beste modu batera azaldu behar ditut nire burutazioak. Plantxa hauek asko lagundu didate: guztiek formatu bera dute, baina bakoitzean egoera ezberdin bat islatu dut. Nire emazte Yolandari eskerrak eman nahi dizkiot, bakarrik ezin izango bainuke egitasmo hau aurrera atera».
Emakumeen egoera ezberdinak jaso ditu, bere gizonezko ikuspegitik. «Emakumeen gorputzak eraldatzen diren moduan, nirea ere erabat eraldatu da. Lehenengo edadeagatik eta ondoren iktusagatik. Bularren eraldaketan fokalizatu dut nire lana, egoera guztiak ontzat emanez: lan batzuk amatasun prozesua azaltzen dute, mastektomia ere azaltzen da, bularretakoa kartzela izan daitekeela… Yolandaren alabak bi urte eta erdiko umea du eta amatasuna islatzeko eskatu zidan: hasieran titi handiak, ondoren umeari titia kentzea eta azkenik titiak bi galtzerdi bezala gelditzen dira. Materialek asko laguntzen didate gaia aukeratzeko orduan eta oraingoan irratian entzundako elkarrizketa batek ere bai: bular bat bestea baino handiagoa duen neska batek bere bizipenen berri eman zuen».