Merkataritza biziberritzeko udalaren laguntzek segida izango dute
Hiru aukera izango dira: lokal hutsak erosteko edo alokatzeko eta negozioak eskualdatzeko. 10.000 euro bideratuko dira. Iaz hamazazpi eskari aurkeztu ziren
Merkataritza jardueraren bat abiatu edo martxan dagoen negozioren bat eskualdatu nahi duten herritarrak Beasaingo Udalak diruz lagunduko ditu. Hiru lerro prestatu dituzte: lokala hutsik dagoen kasuetan, erosteko edo alokatzeko; eta negozioa martxan dagoen lokaletan aldaketa errazteko. Sektorea «biziberritzea» dela jomuga zehaztu zuen Leire Artola alkateak.
Erosteko denean, Udalak lokalaren katastroko balioaren %4ko diru-laguntza emango du, 2.000 eurokoa gehienez ere. Errentan hartzerakoan edo jabez aldatzerakoan, lehen urtean, udalak hileko kuotaren erdia hartuko du bere gain. 300 eurora arte, betiere; bigarren eta hirugarren urtean, %40a, 200 eurotatik pasa gabe.
10.000 euroko partida aurrekontuetan jasota dago horretarako. «Kantitatea handitu beharko balitz doituko genuke», zehaztu zuen Artolak.
EH Bildurentzat laguntzak «anbiziosoagoak» izan behar dira. %50eko laguntza hiru urtetara luzatzea proposatu zuten, negozioak errentagarri bilakatzeko pazientzia gehiago behar delakoan. PSE-EErentzat oinarriak ongi daude onartu bezala.
Alokairua, gustukoena
Laguntzok 2021. urtean ezarri ziren. Hamazazpi eskaera jaso ziren denera, gehien gehienak hutsik zeuden lokalak alokatzeko. Erosteko bi eskari egin ziren.













