Mugikorren gehiegizko erabileraz ohartarazteko
Zibersegurtasunerako sentsibilizazio jardunaldiak antolatu ditu Zegamako Udaleko Gazteria sailak. Nerabeentzako saioa otsailaren 11n izango da, eta gurasoentzat otsailaren 15ean.
Zegamako Udaleko Gazteria Sailak zibersegurtasunerako sentsibilizazio jardunaldiak antolatu ditu. Mugikorren gehiegizko erabileraren prebentzioa eta kontrola izango dute hizpide saioetan. Erabiltzen diren gailu, aplikazio eta zerbitzuak ebaluatu, adingabekoen garapenean gehiegizko erabilerak duen eragin ezagutu eta prebentziorako eta esku-hartzeko estrategiak aztertuko dituzte parte hartzaileek. Bi saio izango dira, nerabeentzat zein gurasoentzat. Nerabeentzako saioa otsailaren 11n izango da, 17:00etatik 19:00etara. Gaztelekuan eman behar dute izena nerabeek. Gaztelekuko nerabeen gurasoentzako saioa, aldiz, otsailaren 15ean izango da, 18:00etatik 20:00etara. Gurasoek liburutegia@zegama.eus helbidera idatzita eman behar dute izena, otsailaren 10a baino lehen. Izen-emate kopuruaren arabera zehaztuko dute eta jakinaraziko dute tokia.