Pilota jaialdiak hasiko du Lazkaon udaberriko kultura agenda
Emakumezkoen kirola ikusarazteko eta herriko pilotariei erreferentziak eskaintzeko antolatu dute. Otsaileko ekitaldi bakarra izango da. Martxoan berreskuratuko dute ohiko aktibitatea.
Urtarrileko kultura-ekitaldi gehientsuenak ezerezean geratu ondoren, Lazkaok martxora begira jarri du berriro aktibitatea berreskuratzeko begirada. Herenegun zabaldu zuen udalak udaberriko agenda, eta datorren hilean daude jarduera gehienak.
Aurrenekoa, eta otsailerako aurreikusitako bakarra, bihar izango da, ordea. Emakumeen Binakako Txapelketa Nagusiko Eusko Label pilota jaialdia Lazkaora etorriko da. Emakumezkoen kirola ikusarazteko eta bertako pilotariei erreferentziak eskaintzeko antolatu dute.
Pilota jaialdia plazako frontoian egingo dute, bihar 12:00etan hasita. Sarrera libre da, eta edonork ikusi ahalko du. Aurretik, 11:30ean, Lapke pilota eskolako haurrek partida bat jokatuko dute.
Bi norgehiagoka
Eusko Label binakako txapelketa Ados Pilotak antolatu du, lehenbiziko aldiz. Eskuzko emakume pilotari profesionalen lehen kluba da. Azkoitian izango da finala, otsailaren 27an. Euskal Herriko emakume pilotaririk onenak ari dira txapelketan. Lehen Mailako zazpi bikotek eta Promozio mailako beste lau bikotek hartuko dute parte
Lehen Mailako bi neurketa ikusi ahalko dira bihar Lazkaon. Kortazar-Ezeiza eta Zelaia-Lopez bikoteen artekoa lehenengo, eta Iantzi-Etxenike eta Iturriaga-Egañaren artekoa ondoren.
Bi aste berezi martxoan
Apurka kulturaren pultsua berreskuratzeko ahaleginean, martxoa garrantzitsua izango da. Amalur mendi taldeak Mendi Astea antolatuko du, eta Lazkao Txiki Musika Eskolak 25. urteurreneko kultur astea .
Iker Galartzaren eta Zuhaitz Gurrutxagaren Lehendakari gaia antzezlana ere izango da.













