Ohiko legez bi dantzarik ohorezko agurra dantzatu dute Erauskin plazako estatuaren aurrean, eta ondoren lore sorta jarri dute Beasaingo Odolki kofradiako Martin Urkiolak eta Leire Artola alkateak.
Aurtzakako bi dantzari ohorezko aurreskua dantzatzen Loinazko San Martin estatuaren aurrean, gaur goizean. Arg.: Iñaki Gurrutxaga
Ekitaldi labur eta xume batekin egingo diote gaur ohore Loinazko San Martini. Gaurkoa jai eguna da Beasainen, baina jai kutsu handirik ez zen. 10:30ean zen hitzordua, Erauskin plazako estatuaren aurrean. Aurrez zaparrada bota badu ere, ordu horretan ateri egon da, eta ohi bezala egin ahal izan da ekitaldia.
Goizeresiko txistularien doinuak lagun, Aurtzakako bi dantzarik ohorezko aurreskua dantzatu diote Loinazko San Martini, udal korporazioko hainbat ordezkariren eta Beasaingo Odolki Kofradiako bi kideren begiradapean. Estatuaren oinean kofradiako Martin Urkiolak eta Leire Artola alkateak jarritako lore-sorta batekin bukatu da ekitaldia. 11:00etan Meza nagusia zegoen Andre Mari Zeruratuaren elizan.
36. kapitulurik ez
Odolki kofradiak 36. kapitulua ospatu beharko zukeen, baina Urkiola presidentearen esanetan, kapituluaren izaera herri eta kofradia ezberdinetako jendea jai giroan elkartzea da, eta hori egitea ez da bateragarria egungo egoerarekin. Kofradia guztien ordezkari modura, Fecogako presidente Juan Manuel Garmendiak parte hartu du. Jai kutsurik izan ez arren, gaurkoa “egun berezia” dela adierazi du Urkiolak, eta odolki pintxo bat jateko ohiturari eusteko deia egin die beasaindarrei.
Gaur, azoka berezia, bihar herri kirolak
Hileko lehen larunbatean egin ohi den bertako produktuen azokarekin bat egin du gaur Loinazko San Martin egunak, eta 14:00ak bitarte bertako ekoizleen hainbat produktu erosteko aukera izango da Loinazko San Martin plazapean. Bihar, berriz, aizkora eta harri-jasotze saioak izango dira Dolarea parkean.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.