Dolarea parkera lekualdatuko dira herri kirolak
Beasainen jokatuko da Urrezko binakako aizkolari txapelketako bigarren finalaurrekoa, Loinazko San Martin egunaren bueltan. Harrijasotzaileak ere arituko dira

San Martin egunaren harira egindako herri kirol jaialdia Dolarea parkera lekualdatuko da. Aurten eraberritutako eremuari erabilera “anitzak” eman nahi dizkiotela esan du Leire Artola alkateak. Gainera, pandemia egoeran ikuskizunak aire libren egitea hobe dela gogorarazi du. Sarrera doan izango da.
Igandean izango da jaialdia, 12:00etatik aurrera. Urrezko binakako aizkolarien txapelketako finalerdietako saioa izango da eguneko plater nagusia. 33 enbor moztu beharko dituzte denera, sei izaeratan. Azkarren egiten duenak finalerako txartela lortuko du. Finala Azpeitian jokatuko da, martxoaren 6an.
Harri jasotzaileak ere izango dira. Gizonezkoetan, Xabat Olaizola arituko da. 100 kiloko zilindro zaharrari, beste 100 kiloko kubikoari eta 100 kiloko bolari egin beharko die aurre, bi minutuko txandetan; emakumezkoetan, Lierni Osa. Gazte mailan arituko da, zehazki. 50 kiloko zilindro zaharra eta 50 kiloko kubikoa bi txandatan altxa beharko du, bi minutuko serietan. Banaka aritu arren harri jasotzaile guztien altxaldiak bateratu egiten dituzte Urrezko harrijasotzaile txapelketako sailkapenerako.
Goierritarrik ez
Xabier Zaldua aizkolari zumarragarra binakakoan parte hartzen ari den arren, ez da goierritarrik izango igandeko jaialdian. Hirugarren finalerdikoan jokatuko du berak, datorren astean, Luis Txapartegirekin batera.
Luis Mari Bengoa Egur Sport elkarteko kideak urtez urte hazten ari den txapelketa dela azpimarratu du. Lehen edizioan lau bikotek hartu zuten parte; aurten hamar izan dira. Harri jasotzaileak ere batu dira, eta azken urteetan, baita ere emakumezkoak. Txapelketa Beasainen izango den zazpigarren aldia da.
Artolak azpimarratu du Udalaren ardatzeko bat "bertako kirolak bultzatzea" eta "emakumeen kirola" bultzatzea dela.