Familian arauak eta mugak nola ezarri ikasteko saioa Legazpin
Treba Gurasoak ekimenaren barruan, haurrei eta gazteei ezartzeko arauen eta mugen inguruan hitzaldia egingo du etzi Leyre Cano psiko-pedagogak.
Familia giroan, haurrei eta gazteei ezarri behar zaizkien arauei eta mugei buruzko hitzaldia izango da etzi Legazpin, udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Zerbitzuak sustatuta eta aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren laguntzarekin lantzen ari den Treba Gurasoak ekimen pedagogikoaren baitan. Arauak eta mugak familian. Nola ezarri era asertibo batean izenburua du hitzaldik, eta Leyre Cano psiko-pedagogak egingo du etzi asteazkena, 18:00etan, Kultur Etxean. Haurren eta nerabeen gurasoei zuzenduta dago hitzaldia, eta saioa elebiduna izango da. Parte hartzea doakoa da.
Familian harreman orekatua, osasungarria eta onuragarria izateko zer behar den erakutsiko du Canok, hori garatzeko beharrezkoak diren arauak eta mugak nola jarri landuz. Teorian oinarrituta, kasu praktikoak landuko dituzte, eta familia hezkuntzaren eredu ezberdinak ezagutzeko kasu praktikoak azalduko ditu Canok.













