Basoa irabaztera berriz
Zuhaitz landaketa herrikoia antolatu dute Zaldibian, lehenengo aldiz. Eskola-umeek gaur eta herritar guztiek igandean dute parte hartzeko aukera. 225 landare sartuko dituzte, bi tokitan
Udaberri aurrean landaketak egitea tokatzen da, eta Zaldibian ekimen bateratua antolatu dute lehenbiziko aldiz. Gailurrerantz mendi elkarteak, Lardizabal herri eskolak eta Zaldibiako Udalak bat egin dute landaketa antolatzeko. Bertako zuhaitz espezieen aldeko aukera egitea, haurrei txikitatik ohitura erakustea, eta herri lurretan pixkanaka bertako basoa berreskuratzea dira hondoan dauden helburuak.
Bi eremutan eta bi egunetan banatu dute landaketa. Lehenbizi, eskola-umeek egingo dute, bihar arratsaldean, Zaldibiako hilerriaren azpialdeko lorategian. 25 gereziondo landare sartuko dituzte. «Lanik handienak aurretik eginda edukiko ditugu, eta haurrekin bukatuko dugu landaketa», azaldu du alorreko zinegotzi Xabier Irastortzak.
HH 5 urtekoak eta LHko 1. mailako haurrak joango dira gaur, eskola-orduetan, eta hilerrirako bidea itxuratuko dute. Landaketa herrikoia, zaldibiar guztiei irekitakoa —gainontzeko ikasle eta gaztetxoentzat ere bai—, igandean da. Goiz guztiko ekimen bezala antolatu dute, Elizbaso izeneko saileraino joan-etorriko mendi buelta, tartean.
Oinez txangoa
Udalak erosi zaharra ez da Elizbaso deritzon saila. Aralarko parke naturalaren lurretan dago, Arkakako errepidea bukatzen den lekutik aurrera jarraituta, Osinberderako bidea utzi eta ezker aldera. «Elizbaso orain dela urte gutxi erosi zitzaion partikular bati. Pinua atera zuen hark, eta ezer gabe zegoen. Udalak lurra erosi zuenez, planteatu dugu landaketa bertako zuhaitzekin eta espezieekin egitea», gehitu du Irastortzak.
Herritarrei 09:00etan Zaldibiako plazan elkartzeko deialdia egin diete Gailurrerantzek, Lardizabal eskolak eta udalak. Handik oinez igoko dira Arkakaraino. 10:30ean jarri dute berriro han elkartzeko ordua.
Landaketa 10:45 inguruan hastea da asmoa. Hamaiketakoa egingo dute, eta 14:00etarako plazara itzultzea da plana. Galtza luzeekin joatea gomendatu dute, eta aitzurra nahiz eskularruak norberak bereak eramateko eskatu dute; lanabesak kotxean igoko dituzte plazatik.
Elizbason 200 bat landare
Baso sailean pagoa, haritza, astigarra eta gereziondo basatia landatuko dute, guztira 200 landare inguru. Bertako zuhaitz espezieekin birjantzi nahi dute atzera mendia, kasu honetan herri basoa.
Lur saila prestatzeko lan handienak aurretik eginda dauzkate. Lehengo larunbatean, desbrozaketa eta garbiketa lanak egiteko auzolana deituta zegoen, nahiz ez zuen tiradizo handirik eduki. «Prestatuta dago lekua. Zuloak egitea falta da, eta landareak sartzea izango da egin beharrekoa», dio zinegotziak.
Igandeko landaketarako ez dago izena eman beharrik, plazara edo Arkakara azaldu soilik.