Hiru edukiontzi erre dituzte Legazpin Urtatza auzoan
Udaltzaingoak dioenez, nahita erre dituzte. Beiraren edukiontzian pintaketak egin dituzte. Gertakariak bart izan dira.
Hiru zabor edukiontzi erre dituzte bart Legazpin, Urtatza auzoan, Domingo Agirre ikastetxe ondoko gunean. Edukiontzi marroia, grisa eta horia erre dituzte, Udaltzaingoaren esanetan, “nahita”, eta erabat suntsitu dira. Paperaren edukiontzi urdina, aldiz, ez da erre, metalezkoa delako. Gune horretatik oso gertu dagoen beiraren edukiontzia erretzen ere saiatu dira, eta agerian daude arrastoak; pintaketak ere egin dizkiote.
Sasieta Mankomunitateak edukiontzi berriak jarri ditu goiz erdialdean, erretakoak ordezkatzeko.
Sozialisten gaitzespena
Legazpiko alderdi sozialistak gertakari hauek gaitzetsi ditu, sare sozialen bidez zabaldu duten mezu baten bidez. “Gizalegearen aurkako jokabideak dira, ezin ditugu onartu” adierazi dute.