Ilintik kanpaina berria jarri du martxan Inauteriei begira
Garagunearekin elkarlanean, mozorro erakusketa egingo du hurrengo ostegunetik aurrera elkarteko dendetako erakusleihoetan. Argazki lehiaketa bat ere antolatu du, eta legazpiarrei mozorrotzeko gonbidapena egin die.
Inauteriei begira, kanpaina berri bat jarri du martxan Legazpiko Ilinti merkatarien elkarteak. Garagunean egindako mozorroak erakutsiko dituzte dendetako erakusleihoetan eta argazki lehiaketa ere antolatu du.
Ilintiren kanpaina hilaren 24an, ostegunean abiatuko da. Garagunearekin elkarlanean, zentro horretako erabiltzaileek diseinatutako mozorroak jarriko dituzte ikusgai elkarteko bazkideen erakusleihoetan, Inauteriei keinu eginez eta dekorazio modura.
Egun berean hasiko da argazki lehiaketa. Sare sozialetan egingo da, eta mozorrotutako legazpiarrak izango dira protagonistak. Parte hartzeko, Ilintiren dendetan jarriko dituzten kanpainaren kartelen aurrean edo parrokian eta Laubiden dauden panelen aurrean mozorrotuta argazki bat atera behar da, eta ondoren Instagramen edo Facebooken partekatu behar da @ilinti_legazpikomerzio etiketarekin. Lehiaketako partaideen artean 50 euroko hamar erosketa txartel banatuko dituzte, gehien gustatu diren argazkien egileen artean hain zuzen. ‘Gustukoa dut’ gehien jasotzen duen argazkiaren egileak 100 euro jasoko ditu.
.