Goierri elkarteak emakumezkoen txirrindulari taldea aurkeztu du
Hamar txirrindulari dira, horietako bost goierritarrak. Garazi Erostarbe eta Izarne Maioz dira zuzendariak. Jon Ander Intsausti mutiloarraren laguntza izango dute
Goierri kirol elkarteak emakumezkoen txirrindulari taldea sortu du. Inguruko bakarra da. Gazte mailako, 23 urte azpiko eta elite mailako hamar txirrindularik osatzen dute.
Goierri elkartearen emakumezkoen txirrindulari taldean bost goierritar daude: Nagore Txintxurreta urretxuarra, Lur Zufiria ormaiztegiarra, Arene Perez mutiloarra eta Oneka Sanchez eta June Maiz beasaindarrak. Beste bost txirrindulariak Oiartzungo Katalin Iriondo, Hernialdeko Naroa Gonzalez, Hernaniko Naia Mangas, Zumaiako Garazi Bergara eta Irungo Naiara Riaño dira.
Riaño elite mailakoa da eta Mangas, Iriondo eta Zufiria 23 urte azpikoak. Gainontzekoak gazte mailakoak dira. Lehen lasterketa martxoaren 5ean egingo dute, Zaldibarren. Martxoaren 20an, berriz, Beasainen egingo den Espainiako Kopako proban parte hartuko dute.
Babesleak
Zuzendari lanetan Garazi Erostarbe oñatiarra eta Izarne Maioz asteasuarra arituko dira. Biak txirrindulariak izan dira. Jon Ander Intsausti profesional ohi mutiloarraren laguntza izango dute. Taldeak udalaren, Zatika bizikleta dendaren, Serinoskiren eta Euskadi Low Cost gasolindegi katearen babesa du.
Taldea atzo aurkeztu zuten, Urretxuko udaletxean. Ekitaldian Maialen Fidalgo zinegotziak, Goierriko Aitor Chicok, Zatikako Joseba Irizarrek, Serinoskiko Ander Armenterosek eta Euskadi Low Costeko Unai Hurtadok parte hartu zuten.
Goierri kirol elkarteak eta Urretxuko Udalak urteak daramatzate emakumezkoen kirola sustatzen. Horren ondorioz, Goierriren saskibaloi sailak inoiz baino emakumezko gehiago ditu eta emakumezkoen boleibol saila sortu dute.
Iazko urte amaieran, guraso talde batek eta Goierrik emakumezkoen txirrindulari taldea sortzeko beharra ikusi zuten, inguru honetan ez baitzegoen talderik. Goierri kirol elkartekoak Urretxuko Udalarekin harremanetan jarri ziren eta honek hasieratik egitasmoa babesteko asmoa azaldu zuen. «Etorkizuneko egitasmo bat da. Gure helburua ez da hamar emakumeren nahiari erantzuna ematea, baizik eta bizikletan ibiltzea gustuko duten neskei lehiatzeko aukera ematea eta gurasoek txirrindularitza aukera bat gehiago dela ikustea», aipatu du Maialen Fidalgo zinegotziak. Urretxuko Udalak 8.800 euro jarri ditu taldearen sorrera bultzatzeko.