Radar pedagogikoak martxan daude
Antzizarren eta Ezkiagan jarri dituzte abiadura neurgailuak, herriko sarrera-irteeretan errespetatzen baita gutxien abidura muga
Ezkiagako eta Antzizargo radar pedagogikoak martxan daude. Ez dute isunik jartzen, ibilgailuen abiadura adierazten dute soilik. Ziztuan pasatzean zenbakiak gorrian eta haserre dagoen aurpegia agertzen dira. Herri barruetako abiadura muga 30 kilometro ordukoa da maiatzean bide-segurtasunari buruzko legea indarrean sartu zenetik.
Beasaingo Udalak neurgailuak herriko sarrera-irteeratan kokatu ditu arau hauste gehien eta larrienak bertan atzeman ziztuztelako. Abenduan egindako neurketetan emaitza “kezkagarriak” atera ziren: 4.000 neurketa baino gehiago egin ziren eta 181 ibilgailuk errespetatu zituzten abiadura mugak. Hamar ibilgailutatik bederatzi azkarregi gidatzen dutela, alegia.
Abiadura zenbat eta handiagoa izan istripuak orduan eta larriagoak dira. 30 km/h-ko abiaduran norbait harrapatuz gero bizirik irteteko aukerak %90ekoak dira; aldiz, 60 kim/h-ko abiaduran, kolpea hilgarria da Munduko Osasun Erakundearen eta Europako Garraio Sailen Konfederazioaren zein ikerlanen arabera. Udalaren neurketetan hiru kasutan gainditu zuten abiadura muga hori.
Udalak argi du udalerri barruan oinezkoek dutela lehentasuna. “Oinezkoentzat ibilgailuen abiadura denez arriskurik handiena, mugak errespetatzeko baliabideak gehitu dira”, diote. Hala, “Beasain udalerri erosoagoa, seguruagoa, bizigarriagoa eta herritarren beharretara egokituagoa” dela azpimarratu dute.