Txindokiko karrera bertikalari ibilbidea aldatu diote
Larraiztik zuzenean igo ordez, korrikalariak neutralizatuta joango dira Gaintzako bidegurutzeraino, eta han hasiko da lasterketa. Aldaketa horrekin «gogortasuna eta bertikaltasuna» gehitu nahi diote probari.
Ibilbide berria izango du Txindokiko Kilometro Bertikala mendi lasterketak, maiatzaren 21ean. Orain arteko Larraitz-Txindoki igoera zuzenaren ordez, aldaketa nabarmenak sartuko dituzte, probari «gogortasuna eta bertikaltasuna» gehitzeko. Larraitzen abiatuko dira korrikalariak, banaka, Gaintzako bidegurutzera arte neutralizatuta. Han hasiko da igoera, Maioraren bidetik. Manuel Merillasek du bide horretan igoera azkarrena: 38:10 minutu.