GoiErrotik elkarte sortu berriak hitzaldi batekin hasiko du ibilbidea
Azken urteetan bizitakoaren errotik sortu da elkartea eta «iritzi kritikoa» sustatzea du helburu. 'Gure haur eta gazteak laguntzeko prest?' hitzaldia antolatu dute
GoiErrotik izena duen elkarte berri bat sortu du Goierriko herritar talde batek. «Izenak dioen bezala, gure erroetatik, sustraietatik, gure arbasoak gogoratuz, etorkizun hobeago baten alde lan egin nahi dugun herritar talde bat gara», azaldu dute elkartearen aurkezpen modura.
Elkartea sortu izana, «azken urteotan bizitzea tokatu zaizkigun gertaeren inguruan» kokatu dute; «iritzi kritikoa» sustatu nahi dute, «osasun, ongizate, elikadura eta beste hainbat arlotan». GoiErrotik taldea osatzen duten herritarren ustez, Euskal gizartean «haustura» bat gertatu da, eta «berreraikitze» lanetan jardun nahi dute.
Hitzaldia, etzi Beasainen
Ibilbide honi hasiera emateko, guraso nahiz irakasleentzat hitzaldi bat antolatu dute, ostiralerako, martxoak 4. Haur eta gazteen osasun integralarekin arduratuta, ondorio emozionalak, fisikoak eta psikologikoak, izango dituzte hizpide, besteak beste.
Gai horren bueltan hitz egiteko, Ainara Madariaga, bigarren hezkuntzako irakaslea, eta Rakel Amigo psikoneuroinmunologian aditua den psikologoa izango dira hizlariak. Helburuak dira, alde batetik, bizitako guztiak haur eta gazteengan izan duen ondorioen hausnarketa bat egitea, eta bestetik, haur eta gazteei laguntzeko baliabideak eskaintzea.
Hitzaldia, Beasaingo Dolarea Hotelean izango da, 19:00etan hasita. Haurrentzako jolasak eta txokolate beroa egongo dira.