Ikastaroak berreskuratuko ditu martxoko azoka bereziak
Hazia loradendak liliekin apainketak nola egin irakatsiko du martxoko azoka berezian
Hilabeteroko azoka bereziak ikastaroak berreskuratuko ditu. Hazia loradendak liliekin apainketak nola egin irakatsiko du larunbat honetan, martxoko lehendabizikoan. 11:30ean izango da, plaza azpian.
Azoka lehenago hasiko da, 10:00etan. Neguko barazkiak izango dira protagonistak, azkenekoz: porruak, zerbak, azaloreka, brokoliak, azak, romaneskoak, espinakak, borrajak… Hurrengo azoka, apirilekoa, udaberrian izango da jada. Eztiak, ogiak, gozoak… ere salgai egongo dira. Baita ere artisau erara egindako poltsak, lepokoak, umeentzako adur-zapiak…
Bezeroen artean azokako produktuez osatutako bi saski zozkatuko dituzte. Otar bakoitzak Igartzan bisita gidatua egiteko bina sarrera ere izango ditu.
Loinatz Musika Eskolako trikitilariek eta pandero jotzaileek azoka girotuko dute eguerdian. 14:00etan amaituko da azoka.
Bi urteko etena
Beasaingo Udalak duela bost urte baino gehiago hasi zen hilabeteroko azoka berezia antolatzen, «bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jartzeko eta garaian garaiko produktuen kontsumoa areagotzeko». Bezeroak plazara erakartzeko ikastaroak antolatzen hasi ziren, baina COVID-19aren eraginez gelditu beharra izan zuten.