Lehen aldiz 4 milioi eurotik gorako aurrekontua izango du Idiazabalek
Igoeraren arrazoia Foru Funtsaren igoera da, %12 handitu dena. Pilarrenea atzeko bizikleta gunea txukundu eta haurreskolako sarrera hobetuko dute, besteak beste
Idiazabalgo Udalak 4.018.019,90 euroko aurrekontua onartu du urte honetarako. Lehen aldiz 4 milioi eurotik gorakoa izango da. Igoeraren arrazoi nagusia Foru Funtsaren igoera da, 1.729.846,29 euro jasoko baititu udalak bertatik, iaz baino %12 gehiago. 2021eko aurrekontuarekin alderatuta, %7 handiago izango da hala 2022 urtekoa. Gurutze Berri auzoko obra aurten esleitzea aurreikusi dute, 2.500.000 euro inguruko inbertsioa eginez.
Pertsonalaren atalean, %18ko igoera izango da. Batetik, brigada elektrikaria eta Landa garapen eta ingurumeneko teknikaria kontratatu dira arlo horietan zituzten hutsuneak betetzeko. Bestetik, udal garbitzaileen plantila osatu dute 3 garbitzaile berrirekin, seiko taldea osatuz. Lanpostuen balorazioa egin dute, langile bakoitzaren funtzioak eta soldatak berrikusteko prozesu batekin. Udalari zerbitzua ematen dioten hornitzaileen kontratuen errebisioa egiten ari da udala, eta kontraturik ez zuten zerbitzuak esleitzen ari da.
Bide horretatik gastu arruntak jaistea aurreikusten da. Argindar, igogailuen mantenimendu, alarma sistema, suteen aurkako sistema, sistema informatikoa eta hilerri zerbitzuen kontratuak errebisatuko dituztela azaldu du udalak, «efizientzia hobea lortu eta gastuak murrizte aldera». 114.700 euroko aurrekontua dute gastu horiek.
Irisgarritasuna hobetu
Herriko mantentze lanek aurrekontuaren zati garrantzitsua izango dute. Mugikortasunaren hobekuntza eta espazio publikoak hobetzeko egindako prozesuan jasotako proposamenetako batzuk aurrera eramango dituzte. Haurreskolako sarrera hobetu eta Arretxe eta Mujika jatetxearen inguruko espaloiak konponduko dituzte. 30.000 euro bideratuko dute irisgarritasuna hobetzera. Kaleen garbiketa eta lorezaintza zerbitzuak hobetzeko «apustu berezia» egin dute. Langileentzako Gipuzkoako kale garbiketa konbenioa aplikatzeko eskatu dute, zerbitzuaren kostea bikoiztuz, 240.000 eurorekin. Lorategiak eta parkeak txukuntzeko 15.000 euro bideratuko dituzte.
Iazko bidetik jarraituz, Gurutze Berri auzoko obra aurten esleitzea aurreikusi dute, 2.500.000 euroko aurrekontua izatea espero dute. Landa eremuari dagokionez, auzotarrek egindako proposamenen inbertsioetarako 30.000 euroko partida gordeko dute. Landa eremuko bideak konpontzeko 35.000 euro bideratuko dira, eta 20.000 euro auzo bideen mantenurako.
Kultura eta kirola
Herriko eragileen kultura, euskara, aisialdi eta kirol arloko ekimenei laguntzeko, 121.000 euroko partida gorde dute, eta udalaren kultur eta aisialdi programazioa indartzeko 218.000 euro. Pilarrene atzeko bizikleta pista konpontzea aurreikusi dute eta horretarako 15.000 euroko partida gorde da.
Ahalduntze Eskola laster jarriko dute martxan
Gizarte politikei dagokienez, Pilarrenea eguneko zentrora eta etxez etxeko zerbitzura 445.000 euro bideratuko dituzte, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei laguntzeko 36.500 euro, eta desgaitasuna duten adin txikikoen diru laguntzetara eta familia esku hartzeetara 10.400 euro. Berdintasun arloan «aurrerapauso garrantzitsua» emango da, lehen berdintasun planean jasotako ekintzak aurrera eramango dituztelako. Gainera, Idiazabalgo Ahalduntze Eskola abiatuko dute laster.