Matraka eta Katxalin, Emakumeen Etxeko lokalaren lehen erabiltzaileak
Saturnino Telleria kaleko musika eskola ohian ireki dute lokala. Momentuz bi elkartek bakarrik erabiltzen dute, baina Legazpiko emakume guztiei irekita dago egoitza
Urola Garaiko Emakumeen Etxeak ordezkaritza du Legazpin iazko udazkenetik. Saturnino Telleria kalean, lehengo musika eskolan lokal bat utzi diete udalak herriko emakumeei. Momentuz, Matraka talde feministak eta Katxalin elkartearen Legazpiko ordezkariek erabiltzen dute egoitza.
Esti Ripa Urola Garaiko berdintasun teknikariak erakutsi zien lokala komunikabideei. Bi gelaz osatuta dago. Gela handia bilerak egiteko eta formakuntzarako erabiltzen dute, eta gela txikia biltegi modura.
Emakumeen ahalduntzea
Lokalaren aurkezpenean, Ripak Emakumeen Etxearen sorrera gogoratu zuen. «Urola Garaiko bigarren berdintasun planak emakumeen ahalduntzea zuen helburutzat, eta horretarako lokal propio bat behar zutela jasotzen zuen. Horrela, 2019an ireki zen Urretxun Emakumeen Etxea». Berdintasun planak, aldi berean, distantziak murrizteko Legazpik ere bere lokala izatea aurreikusten zuen, eta horregatik ireki da Saturnino Telleriakoa, Legazpiko Udalaren eta Urola Garaiko Mankomunitatearen artean hitzarmen bat sinatu eta gero. Izan ere, lokala udalaren jabetzakoa da, baina Mankomunitateko Berdintasun sailak kudeatzen du.
Momentuz Matrakak eta Katxalinek erabiltzen dute Legazpiko Emakumeen Etxea, baina herriko beste emakume taldeentzako ere irekita dago.
Bestalde, formakuntza saioak ere jasoko ditu, eta Jabetze Eskolaren udaberriko saioetako bat bertan emango da, A mano y sin permiso tailerraren bigarren saioa.
Matraka eta Katxalin
Matraka talde feministaren aspaldiko eskaera zen Emakumeen Etxeak Legazpin lokala izatea, ekintzak Urretxuko egoitza nagusian zentralizatu ez zitezen. Legazpiko emakume askok Emakumeen Etxea ez zutela ezagutzen azaldu du Zaida Casales Matrakako ordezkariak, eta lokala erakunde horretara gerturatzeko modu bat dela ikusten dute, baita ikastaroak eta tailerrak herrira ekartzeko ere.
Martxoaren 8ari begira erabili dute batez ere lokala Matrakakoek, bilerak egiteko eta ekintzak antolatzeko, baina «gure asmoa da herriko emakumeak feminismoaren ikuspuntutik elkartzeko gune bat bihurtzea». Eztabaidarako eta formaziorako gune bat izatea nahi dute, «gune irekia», eta oraindik noiz zehaztu ez badute ere, arreta ordu finkoak izango dituena. «Lokala badugu, martxan jarri behar dugu orain, edukiz hornitu».
Lokala izatea oso ondo baloratzen du Matrakak, orain arte elkartzeko Kultur Etxean, LAB sindikatuko egoitzan, kide baten lokal partikularrean… bildu izan direlako. 2019tik ari ziren Emakumeen Etxea Legazpira ekartzeko eskatzen, eta lortu dute.
Bularreko minbizia eta minbizi ginekologikoa dutenak biltzen dituen Katxalin elkarteak ere gustura hartu du bilerak egiteko lokala izatea, eskaintzen dituen zerbitzu guztiak bertan jaso ezin ez badituzte ere.