Naturaz ikasteko saioak
Itsasondon bi natur ekintza egin dituzte asteburuan. Iraola inguruan 200 gaztainondo landare aldatu dituzte hogeitik gora herritarrek. Igandean Marzoulus perretxikoaren bila ibili dira
Iaz hamaika espezietako 150 adaxka aldatuz landare-hesi bat egin zuten parkea eta trenbidea bereizten dituen hesiaren kontra. Aurten mendi aldera jo dute, eta Iraola baserriaren inguruko sail batean 200 gaztainondo landatu dituzte. Hogeitik gora lagun aritu ziren zeregin horretan larunbat goizean, eguraldi dotorea lagun zutela. «Giro jatorrean» aritu zirela diote partaideek, Landaketa bukatuta, herrira jaitsi ziren atzera, eta Kaxintanen hamaiketakoa eginez borobildu zuten goiza.
Zuhaitz egun arrunt baten ospakizunera mugatu gabe, iganderako beste deialdi bat egina zuten. Itsasondoko basoetan Marzuolus perretxikoa (Hygrophorus marzuolus) aurkitzea zen helburua, Iñaki Aizpuru alkate eta botanikaria, eta Ultzamako Parke Mikologikoaren (Nafarroa) kudeaketaz arduratzen den Uxama mikro-kooperatibako Javier Gomez gidari zirela.
Udaberriko perretxikoak
Udaberri aldera agertzen diren perretxikoak dira Marzuolusak. Ez dute fama handirik, baina jateko oso onak direla diote. Bilatzea, ordea, ez da erraza. Itsasondoko basoek espezie horientzako ezaugarri onak biltzen dituztela dio Aizpuruk. «Pago edo pinu artean ateratzen dira, orbel artean, eta gainera, lur azidoak nahiago dituzte». Lurra lehor dago ordea, eta ez dute halako perretxikorik topatu. Uxama enpresakoek arduratzen dira Itsasondoko baso mikorrizatuei jarraipena egiteaz. Udalak hainbat lursail erosi ditu azken urteetan, eta perretxiko bila ez ezik, inguru horietan egindako landaketak ezagutzeko aukera izan dute partaideek.
Marzuolusik topatzeko aukera izan ez duten arren, Javier Gomezek Ultzaman topatutako ale batzuk eraman ditu Itsasondora, bertaratuek espezie hori nolakoa den jakin ahal izateko. Bestetik, Itsasondoko basoak ezagutzeko aukera bikaina izan dute herritarrek. Bi adituei esker, hainbat landare eta animalia espezieren xehetasunak ikasi dituzte.













