Azterketak euskaraz egiteko eskatu dute
Goierriko ikastoletako atarietan elkarretaratzeak egin dituzte Ipar Euskal Herriko ikasleek baxoa eta brebeta euskaraz pasatzeko eskubidea dutela aldarrikatzeko
Goierriko ikastoletako atarietan hainbat ikasle, irakasle, guraso eta euskaltzale elkartu dira gaur arratsaldean Ipar Euskal Herriko ikasleek baxoa eta brebeta euskaraz egin ahal izatea eskatzeko. “Azterketak euskaraz egiteko eskubidea dute gure ikaskideek, eta Brebetan eta Baxoan ez badira aurrerapausorik ematen, beren eskubideak errespetatuak izan arte borrokatzeko prest gara gu ere”, azaldu dute elkarretaratzeetan irakurritako manifestuan. “Iparraldeko ikastoletako gurasoei, langileei eta ikasleei Euskal Herriko ikastola guztien elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diegu, eta erakutsi Frantziako hezkuntza agintariak ez direla ari Seaskaren aurka soilik, ikastola mugimendu guztiaren aurka baizik”. Are gehiago, “euskarari, euskal kulturari, euskaraz bizi nahi duen herri bati egiten zaion erasoa” dela esan dute.
Frantziako hezkuntza ordezkarien jarrera “oso kezkagarria” dela nabarmendu dute. Salatu dutenez, Ipar Euskal Herriko ikasleek oraindik ez dakite baxoko berezitasunezko bi probak eta Ahozko Handia zein hizkuntzatan egingo dituzten. Frantziako Hezkuntza Ministerioak Eskualdeko Hizkuntzen eta Kulturen Irakaskuntzari Buruzko Zirkularra argitaratu zuen abenduan, eta, Ikastolen Elkarteak nabarmendu duenez, hark jasotzen du proba batzuk euskaraz egiteko aukera. Ez dute oraindik gauzatu, baina. “Ez du batere itxura onik”, aitortu dute. “Ez dugu onartuko, halere, atzerapen hori aitzakia gisa erabili eta probak euskaraz egin ahal izateko antolaketarako denborarik ez dutela izan argudiatzea probak frantsesez egitera behartzeko”.
Egoera are gehiago okertu daitekeenaren kezka azaldu dute. “Orain arte euskaraz egin dituzten zenbait proba ere frantsesez egitera behartuko dituzten beldur gara”, aitortu dute. “Ezin dugu 30 urte atzera egin”.
Guztion auzia
Gizarteari, erakundeei, alderdi politikoei eta gainerako eragileei dei egin diete eurek ere presio egin dezaten. “Ikastola guztiak bat eginda gaude eraso honi aurre egiteko, baina erakunde, alderdi eta gainerako eragileek ere badute erantzukizuna”.
Frantsesez eginiko probak zuzentzeari uko egiteagatik zigortu dituzten irakasleei “babesa eta elkartasuna” adierazi dizkiete.