Barrikote Festa martxoaren 26an ospatuko dute
Plaza kopurua beteta dago dagoeneko. Kabia jatetxeko Juanma Hurtadok irekiko du aurten barrikotea.
Igartubeiti Baserri Museoak 18. Barrikote Festa martxoaren 26an ospatuko du. Dolarean egindako sagardoa dastatzeko aukera bakarra da, baina plaza kopurua dagoeneko beteta dago. 16:30ean hasiko da festa eta jolasekin, ikuskizunekin edota dastaketekin gozatzeko aukera izango dute parte hartzen duten herritarrek. Sagardogintzako lan guztiak amaitzen direnean antolatzen den ohiturarik zaharrenetarikoa da Barrikote Festa.
Ziklo oso baten emaitza da. “Prozesu luze baten azken uzta, urrian, sagardo astean, sagar prentsaketarako dolarea martxan ipintzen denean, baserri dolarean egindako Igartubeitiko sagardoa dastatzeko urteko une bakarra”, azaldu du museoak. Sagardoa dastatu aurretik, sagarrondoak zaindu, sagar uzta bildu, dolarean zanpatu eta muztioa kupeletan irakin dituzte museoan.
Eskaintza gastrokulturala prestatu dute hilaren 26rako. Lehenengo aldiz, gastronomia munduko pertsona ezagun batek irekiko du barrikotea. Zumarragako Kabia jatetxeko Juanma Hurtado arduratuko da barrikotea irekitzeaz, Kirikoketa taldearekin eta trikitilariekin batera. Igartubeiti baserri museoak omenaldia egin nahi dio Kabiari, Hurtadori eta bere lantaldeari: “20 urte baino gehiagoko esperientzia duen eskualdeko jatetxea, gure lurrari oso atxikia, sasoiko lehengaiari, eta jasangarritasunari”. Txotxaren ondoren sagardo eta bertako produktuen dastaketa izango da.