Beasainen martxoaren 8 da jada
Emakumeen egunaren arira antolatutako ekintzak gaur hasi dira
Emakume Langilearen Eguna egunero denez, Beasainen ez dute asteartera itxaron eta martxoaren 8aren inguruan antolatutako ekintzak gaur hasi dira. Asmubeko kideek ikasturte osoan zehar landu dituzten esku lanak ikusgai daude Igartzako Jauregian, martxoaren 20ra arte. Erakusketak pandemiak ez dituela geldiarazi frogatzen duela esan du Ana Asla Asmubeko lehendakariak, gaur goizean egindako prentsaurrekoan. Leire Artola Beasaingo alkateak, Amets Arrospide berdintasun zinegotziak, Marian Toledo udal euskategiko zuzendariak eta Aitziber Makazaga Igartzako arduradunak ere parte hartu dute.
Elkarlanean osatutako egitaraua dela irudikatu dute. Ordezkatutako eragileez gain Oriako Lamiak talde femenistak, Bareak merkatarien elkarteak, Goieniz zineklubak… ere parte hartu dute programaren antolaketan.
Guztiek helburu bera dutela azpimarratu du Artolak: emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzea. “Berdintasun hori lortzeko ezinbestekoa da emakumeen eguna aldarrikatzen jarraitzea”, gaineratu du.
Astelehenean, 17:00etan udal bibliotekan, Sorgina Txirulina ipuin kontalariak Emakume paregabeak kontakizuna eskainiko die haurrei. Sarrerak bibliotekan bertan hartu behar dira. Astelehenean baita ere, baina 17:30ean eta Igartzan, M-Lehiaketako sari banaketa egingo da. Pello Castellano Alustiza ikaslea eta Jon Iglesias Erauskin herritarra izango dira aurtengo sarituak. Ekitaldia borobiltzeko Gema Arrugaeta argazkilari profesionalak hitzaldia eskainiko du.
Emakumeen Nazioarteko egunean, martxoak 8, Loinazko San Martin plazan herriko ikastetxeekin “8 arlo, 11 emakume” ekitaldia izango da. Halaber, Erauskin plazan elkarretaratzea egingo dute 19:00etan.
Hurrengo egunean martxoaren 9an, Zinegoak film laburren proiekzioa izango da Igartzako jauregian 19:00etan. Ez da gaiarekin lotura duen zine emankizun bakarra izango, Goiniz zineklubeko hilabeteko bi emanaldiek emakumea izango baitute ardatz.
Testigantzak
Emakume erreferenteen inguruan, berdintasun sailak 8 arlo ezberdinetako emakumeen testigantzak eta hauen erreferenteen bilketa egin du bideo batean eta Beasaingo Udalaren webeko parekide atalean zintzilikatu du. Ikusleek beraien emakume erreferentea zein den aipatzeko aukera dute aurkezpen honen amaieran