Gaztagintzaren sekretuak ezagutzeko bisita
Ondarre gaztandegira bisita antolatu du Anduetza parketxeak iganderako. Eneko Goiburu artzainak gidatuko du.
Gaztagintzaren sekretuak ezagutzeko bisita gidatua antolatu du iganderako Zegamako Anduetza parketxeak, Segurako Ondarre gaztandegira. 200 urte baino gehiago daramate Ondarren gazta egiten. Familiako Eneko Goiburu artzainak gidatuko du bisita. Goiza ukuiluan hasiko da eta bisitariek arkume jaio berriak ikusiko dituzte gertutik eta latxa ardiei bazka emango diete. Ondoren baserrira joango dira eta artzainek erabiltzen dituzten tresnen bilakaera azalduko du Enekok. Bisita amaitzeko, gazta keztatu, keztatu gabea eta gazta-zarra dastatuko dute, sagardo edo urarekin.
Ondarre gaztandegian elkartuko dira bisitariak 11:00etan. Prezioa 12 eurokoa da helduentzat eta 6 eurokoa haurrentzat. Izena emateko anduetza@gipuzkoanatura.eus helbide elektronikora idatzi edo 943802187 edo 688623609 zenbakietara deitu behar da.