Hasi da ahozko ondarearen jai handia
Martxoaren 26ra arte izango da Ahoz Aho nazioarteko ahozkotasunaren jaialdia. Gipuzkoako hamar udalerritan izango dira ikuskizunak. 42 artistak hartuko dute parte.
Hasi berri da Ahoz Aho ahozkotasunaren nazioarteko jaialdia. Aurten 15. ekinaldia izango du, eta martxoaren 26ra arte iraungo du —herenegun hasi zen—. Ohi bezala, ekintza asko Tolosan eta Ordizian ardaztuko diren arren, jaialdiak Gipuzkoako eta Arabako beste zortzi herritan ere izango du presentzia aurten. Gipuzkoan, Tolosan eta Ordizian ez ezik, Hernani, Oñati, Arrasate, Amezketa, Ibarra, Lizartza, Ataun eta Albizturren ere izango da. Araban, berriz, Aramaion eta Ozaeta-Barrundian. May Gorostiaga, Intujai Teatro antzerki taldeko kideak eta jaialdiaren antolatzaileak argitu duenez, Ahoz Aho ipuinen bueltan biltzen den jaialdi bat da: “Parte hartzaile gehienak ipuin kontalariak dira, baina bakarlariak, bertsolariak edo hitzari garrantzia ematen dioten beste diziplina batzuetako artistak ere ekartzen saiatzen gara”.
Aurten, kanpoko zein Euskal Herriko 42 artistak hartuko dute parte ahozkotasunaren festan; “sei nazioartekoak izango dira eta gainontzeko guztiak bertakoak”, zehaztu du Gorostiagak. Kanpotik datozenen artean, Nikolas Buenaventura kolonbiarra, Boni Ofogo kamerundarra eta Ifigeneia Kakridoni greziarra nabarmendu ditu Gorostiagak. Euskal Herrikoen artean, besteak beste, Itziar Rekalde, Mireia Delgado eta Saroa Bikandi.
Jaialdiaren bitartez, belaunaldiz belaunaldi jaso den ahozko ondareari balioa eman nahi diote. “Mitoak, tribu baten jakinduria… gure historia hortxe dago”, zehaztu du. Hori guztia idatziz jasotzen hasi baino lehen, ahoz aho kontatzen ziren gauzak. “Mendez mende mantendu dira eta oraindik bizirik diraute gure baitan. Sorkuntza berriak bultzatu behar dira, baina bere balioa eman behar zaio gure arbasoengandik jaso dugun horri”.
Galak ardatz
Egitarau zabala bezain oparoa antolatu dute aurtengorako —intujaiteatro@blogspot.com helbidean ikus daiteke osorik—. Gainontzean, bi ekitaldi nagusi daude: martxoaren 24koa, Ordiziako Barrena jauregian egingo duten Ahozkotasunaren Gala Nagusia; eta martxoaren 26koa, Tolosako Amarotz auzo etxean egingo duten Euskal Narratzaileen Topaketa.
Lehenengoan, aurtengo narrazio lehiaketako finala jokatuko dute, eta Kalabaza saria emango diote irabazleari. Bigarrenean, Odiseo eta Ulisesen mitoari buruzko hitzaldi sorta egiteaz gain, Urrezko Kalabaza sariak ere banatuko dituzte, “ahozkotasunari eta narrazioari ekarpen handia egin dioten elkarte eta norbanakoen artean”. Hiru sari izango dira guztira, eta, azken-azkenera arte sarituen izenak sekretupean gordeko dituzten arren, antolatzaileek aurreratu dute Ataungo Jentilbaratza elkarteari emango diotela aurtengo ekitaldiko Urrezko Kalabazetako bat.