IAk Goierriko ikasleak grebara deitu ditu erreformak gelditzeko
«Ikasleon auzi errealak gaindituko dituen hezkuntza sistema» eskatuko dute Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo dituzten manifestazioetan. Goierriko ikasleei Donostiakora joateko deia egin diete
Ikasle Abertzaleakek ikasle greba deitu du martxoaren 24rako. LOSU, LOMLOE eta Lanbide Heziketako planak geldiarazteko presio egin nahi dute. «Erreforma guzti hauek ikasleontzat gatazkatsuak diren auziak landu baino, gizarte kapitalistaren beharrei erantzuten diote», azaldu dute greba deialdian.
Ikasleen errealitatea «oso gordina» dela zehaztu dute: «Ebaluazio sistema estugarria, gure interes errealetatik urrun dagoen edukiaren lanketa, klase partikularren beharrezkotasuna, hezkuntza zerbitzuen murrizketak…», zerrendatu dituzte. «Arazo psikologikoak eta emozionalak geroz eta gehiago hedatu dira», ohartarazi dute.
«Ikasleon auzi errealak gaindituko dituen hezkuntza sistema» eskatuko dute Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo dituzten manifestazioetan. Goierriko ikasleei Donostiakora joateko deia egin diete. Autobusak antolatuko dituzte, nahiz eta oraindik irteera orduak eta tokiak ez dauden zehaztuta. Dena dela, manifestazioa 12:00etan abiatuko da, Ibaetako kanpuseko Aulariopetik.
Aurrelanketa
Txindoki institutuan, Urretxu-Zumarraga Ikastolako lizeoan eta San Benito, Haztegi eta Jakintza ikastoletan auziaren nondik norakoak azaltzeko ikastaroak egingo dituzte datozen egunetan. Ikasturte honetan indarrean sartuko diren hezkuntza erreformen xehetasunak aletuko dituzte, eta hauek ikasleei nola eragingo dien aztertu. Ikasleek kontzientzia hartzea dute helburu.
Ikas ikasleen sareak ere bat egin du deialdiarekin. «Hezkuntza erreforma prozesuaren aurrean beharrezkotzat jotzen dugu ikasleon autodefentsa sarea antolatzea».