Kaleak hartzeko prest
Goierriko Mugimendu Feministak Ordizian egingo den eskualde mailako manifestazioan parte hartzeko deia egin du. Goierriko Itaiak Beasainen egingo du protesta nagusia. Egitarau bete-betea izango da Goierrin
Zapaltzen gaituen sistemari sua, antolakuntza feminista gure garra lemapean antolatu du Goierriko Mugimendu Feministak (Ordiziako Koordinadora Feministak, Beasaingo Asanblada Feminista, Lazkaoko Talde Feminista, Aiuri Legorretako Talde Feminista, Agirin Gabiriko Talde Feminista, Aske Zaldibiko Talde Feminista, Itsasondoko Talde Feminista, Biboletak Ataungo Talde Feministak eta Gaintzako M8 Taldea), Euskal Herriko Mugimendu feministaren aldarriarekin bat eginez. Ordiziako Jabekuntza Eskolan, emakumeen ahalduntzearen sinbolo bat baino askoz ere gehiago den tokian iragarri dituzte Emakumeen Nazioarteko Eguna Martxoaren 8ra begirako mezuak eta Goierri behean antolatu duten ekintza sorta.
«Egunero zapaltzen, erasotzen eta erailtzen gaituen sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista, kapazitista hau kiskali nahi dugu. Jendartearen zati handienarentzat, eta bereziki emakumeontzat zein sexu-genero disidenteontzat kriminala eta jasanezina den eredu honekin bukatu nahi dugu», eman dute aditzera Goierriko Mugimendu Feminista osatzen duten talde desberdinen ordezkariek.
Horren aurrean, irtenbidea «feminismoa» eta «lan kolektiboa» dela garbi dute; «urtez urte erakutsi baitugu elkarrekin geldiezinak garela».
Feminismotik, eta sareak ehunduz, «gorrotozko diskurtsoa edo diskurtso xenofoborik ez» dute onartuko, eta exijitzen dute, «atzerritartasun legearen derogazioa». Uste dute guztiz beharrezkoa dela «bizitzak erdigunean» jartzea, baita «emakumeon, eta bereziki emakume migratuen gain-esplotazioan oinarritzen den zaintza ereduarekin amaitzea ere». Goierriko Mugimendu Feministak exijitzen du, zaintza sistema «publikoa, doakoa eta integrala» izatea, eta horrez gain, «enplegu duina eta kalitatezko pentsio publikoak, baita arrakalarekin amaitzea ere». Aniztasun funtzionala duten pertsonen aurkako diskriminazioari, faxismoari eta planetaren suntsiketari «ez» esaten diote, eta beste kontsumo eredu batzuen aldeko agertu dira. Gaitzetsi dute emakumeen aurkako indarkeria fisikoa; «nazkatuta gaude erailak eta erasotuak izateaz. Ezin dugu onartu emakume* bakar bat gehiago eraila izatea, gure gaineko indarkeriak jarraitzea». Indarkeria horren erantzule «instituzio publikoak» ere badirela salatu dute, «ez baitute baliabide nahikorik jartzen ez arretan ezta prebentzioan ere». Faxismoak tokirik ez duen jendarte bat eraiki nahi dute.
Garbi dute, indarrak batuz posible dela eta horregatik dei egin dute Martxoaren 8an, Ordizian egingo den eskualde mailako manifestaziora joateko. Indar erakustaldi egiteko eguna izango da, ahaztu gabe, ez dela egun solte bateko ekina bakarrik.
Itaia Goierri
Itaia Goierrik, Emakume langileak askatzeko sozialismoa eraiki lemapean,Martxoaren 8rako ekintzak iragarri ditu. Sare sozialen bidez zabaldu dute emakume langileak mobilizatzeko deia. Itaiaren ustez, «erabat desitxuratu duten borroka egun honi dagokion zentzua eman behar diogu». Hori dela, eta bizi baldintzen «okertzearen» aurrean, «emakume langileei borrokara batzeko deia» egiten diete. «Ustez gero eta progresistagoa den gizartea antolatzen duten alderdi politikoen berdintasun faltsuari aurre egiteko hautua» egin du Itaiak.
Gauzak horrela, Martxoaren 8an Beasaingo Bideluze plazatik abiatuta manifestazioa egingo dute, 19:00etatik aurrera. Egun horretan, baina Beasaingo manifestazioaren aurretik, beste ekintza batzuk antolatu dituzte, Ordizian, Legazpin eta Urretxun. Astebururako ere ekintza sorta oparoa antolatu dute.
Mobilizazio gehiago
Gainontzean ere, egitarau zabala dakar aurtengo martxoaren 8ak; bai Goierri goiko eta bai Goierri beheko herrietan izango dira beste ekintza eta mobilizazio batzuk. Ekintza guztien berri izateko ikus egitaraua.