Lazkaoko musika eskolak 25 urteak herriko eragileekin ospatuko ditu
Kultur astea martxoaren 21etik 27ra egingo du Lazkao Txiki Musika Eskolak, egitarau mardularekin. Kamiseta eta poltsa eskuragai dira. Sarrerak, Lazkaon-eko dendetan
Guztientzat eta era guztietako ekitaldiak. Lazkaoko Txiki Musika Eskolak ohikoa dituen bi printzipio horiei, guztiekin gehitu behar zaie orain. Sortu zuteneko 25. urteurrena du aurten musika eskolak, eta kultur aste indartsua prestatu dute hori ospatzeko, martxoaren 21etik 27ra.
Lazkaoko eragile eta kultura talde ugarik parte hartuko dute, baita kanpotik ekarriko dituzten gonbidatu entzutetsuek ere. Herenegun, lankidetzan ari diren bi aldek parte hartzeko deia zabaldu zieten lazkaotarrei.
Urteurrena gogoratzeko, kamiseta bereziak eta poltsa atera ditu musika eskolak, Maider Urretabizkaia artistak diseinatutako irudidunak. Webgunean (lazkaotxikime.com) eskabide-orria beteta edo eskolan eska litezke. Nikiak lau kolorekoak daude: grisa, zuria, urdina eta beltza. Neurriak, umeena (4-12 urte), emakumea eta gizona.
Sendotasunaren erakusle
Paparrean ageri du kamisetak Urretabizkaiaren artelana, segida gisako marrazki laukizuzena. «25. urteurrena du, eta talde sendoa da. Material aldetik, burdin herdoilduarekin jolastu du, sendotasunaren adierazle. Instrumentuen teklek jarraitzen dute, eta emakume bat ere egin du, fundatzailea, Nerea, hala delako. Gustura egin dut», azaldu du Maider Urretabizkaiak.
Musika eskola eta egiten duen lana «sakontasun eta pisu handiko gaia» dela herriarentzat gehitu du artistak.
Kamisetak 9,50 euro balio du, eta poltsak, 5 euro. Nikien neurria probatu nahi duenak, gaur musika eskolara joanda izango du aukera. Eskariak ostirala arte egin litezke, garaiz irits daitezen.
Sarrerak, dendetan
Kultur astean, Arerian publiko orokorrarentzat lau emanaldi izango dira. Horietarako sarrerak Lazkaon merkatari elkarteko dendetan hartu behar dira. Dendetara jendea erakartzea «zaila» dela eta, «atariko marra» gainditzeko eta saltokietara sartzeko gonbita egin diete herritarrei Lazkaoneko Mila Martinez eta Mikel Luzuriaga arduradunek.
Bestetik, emanaldi bakoitzaren bukaeran, 50 euroko erosketa-bonua zozkatuko dute, sarrerak hartu dituztenen artean.
Lazkao Txikiko zuzendaritzak, «herriko kultur eragile guztiek denen artean batera parte hartzearen garrantzia» balioetsi dute. «Ilusioa egon da, lana ere bai. Eskerrak guztiei».
Egitaraua puntakoa da, Aitor Gorosabel, Anari, Alos Quartet edo Angel Unzuk aberastua.
EGITARAUA: LAZKAO TXIKI MUSIKA ESKOLA
Martxoak 21.
· Koralekoen ‘Jan dezagun’, Arerian, 17:30.
· Aitor Gorosabel (Su Ta Gar) solasaldia, Gerrikon, 18:30.
Martxoak 22.
· Maite Francok ipuin musikatua HHkoentzat.
· ‘Sokak’ ikuskaria, Areria, 19:30.
Martxoak 23.
· ‘Jan dezagun’, ikasleentzat, 14:30.
· Angel Unzu eta Beñat Barandiaran gitarraz ponentzia, kultur etxean, 19:30.
Martxoak 24.
· ‘Sokak’ ikasleentzat.
· ‘Musika kalean’ saioak herrian barrena, 17:00.
· Alos Quartet biolin taldea, Arerian, 19:30.
Martxoak 25.
· Kantu saioa Maizpiden, 11:30.
· Erromeria trikitia eta dantza, frontoian, 17:00.
· Suthai batukada, 18:30.
· Anari akustikoan, Arerian, 19:30.
Martxoak 26.
· Lazkaoko 4. Trikiti Txapelketa, frontoian, 17:00.
· Joaldunak eta talogileak.
Martxoak 27.
· Erraldoiak eta txaranga, 11:00.
· Lazkaoko Banda eta Kantaka, frontoian, 13:00.ERAGILE PARTAIDEAK
· Lazkaokoak. Lazkao Txiki Musika Eskolarekin batera, talde hauek: Oin-Arin dantza taldea, Gerriko kultur elkartea, Lazkaoko Musika Banda, Lazkaoko Erraldoi eta Buruhandi Konpartsa, Maizpide euskaltegia, Maider Urretabizkaia margolaria, Gazte Asanblada, Jotake Lazkaon talogile eta joaldun taldea, Jundajo txaranga, Suthai batukada, Kantaka abesbatza, San Benito Ikastola, Lazkaoko Udala, Basabe garagardoak.