Arraseta, biziago
Zuhaitz Eguna ospatu dute bertan, Joseba Garmendia adituaren azalpenez lagunduta. Hesi biziak egiteko landareak aldatu dituzte. Aspaldiko egitura horiek berreskuratu nahi dituzte
Igandeko Zuhaitz Egunaren ondoren, Legazpiko Arraseta mendiko Orbeleku edo herri txabolaren ingurua berdeagoa eta biziagoa da. Hesi biziak aldatu zituz- ten, goiz osoa hartu zuen landaketan. Lanaren ondoren, hamaiketarako tartea ere izan zuten.
Zuhaitz landaketan parte hartu zuten 30 inguru legazpiarrek botanikan aditua den Joseba Garmendia ordiziarraren laguntza izan zuten. Legazpiko baso eta landarediari buruzko azalpenak eta bitxikeriak eman zituen. Besteak beste, aldatu zituzten landareekin osatuko diren hesi biziek bioaniztasunerako eta natur kontserbaziorako duten garrantzia azaldu zuen.
Bertako landareak landatu zituzten, hurritzak, elorri zuriak, zuhandorrak, zumalakarrak eta hesilaharrak, besteak beste.
Hesiak, aspaldiko egiturak
Hesi biziak aintzinako egiturak dira. Aspalditik erabili dira baserri eta landa ingurunean, baina azken hamarkadetan gainbehera egin dute, larreen mekanizazioaren ondorioz. Gaur egun, horiek berreskuratzea garrantzi handikoa da, udaleko nekazaritza sailak azaldu dutenez, «duten balio kultural, paisajistiko eta ekologikoagatik».
Arrasetan 50 zuhaitxka landatu zituzten Zuhaitz Egunean, baina udalak beste 50 landatuko ditu, Arrobiko herri mendian dituen lursailetan, larreen itxitura inguruan.
Igandean egindakoarekin, 35 urteko ibilbideari jarraipena eman zion Legazpiko Zuhaitz Egunak, pandemiaren erruz bi urtez etenda egon ondoren.
Natura ezagutzea helburu
Zuhaitz Egunaren antolatzaileek adierazi dutenez, jarduera horren xedea «gazteek gure ingurunea ezagutzea, eta ezagutza horren bitartez bertan ditugun basoak maitatzen, errespetatzen eta zaintzen ikastea da».
Alde horretatik, Zuhaitz Eguna bezalako ekimenak «naturarekiko ezagutza eta maitasuna belaunaldietan zehar transmititzeko, gure herriko gazte zein helduei helarazteko beharrezkoak» direla diote. Legazpin 35 urte daramate horretan.