Jose Antonio Galdosek irabazi du Gipuzkoako 22. Ezti Lehiaketa
Bi urteko etenaren ostean igandean ospatu da Zegaman Erlezain Eguna. Bigarren postua Igor Altunarentzat izan da, eta hirugarrena Jose Mari Izagirrerentzat
Erlezain Eguna itzuli da Zegamara. Pandemiagatik bi urtez bertan behera geratu ondoren, igandean berriz heldu diote erlezainak eta eztia protagonista dituen egunari. Ohi bezala, Gipuzkoako Ezti Txapelketa ospatu da, hogeita bigarrena, eta Jose Antonio Galdos legazpiarra izan da irabazlea. Mikel Zubeldia Gipuzkoako Erlezain Elkarteko zuzendariak azaldu du «parte hartze eta ezti maila handia» izan dela. Aurten ez dute egin, baina hurrengo urterako eskualdekako txapelketak berreskuratzea aurreikusi du.
Bigarren saria Igor Altuna lazkaotarrak jaso du, eta hirugarren, aldiz, Jose Mari Izagirre idiazabaldarrak. Eztia, argizaria eta gozoak izan dira nagusi frontoi inguruan, baina artisauen zein bertako ekoizleen produktuak ere egon dira salgai pilotalekuan eta eskolako aterpean jarritako postuetan. Txistulariek giroa alaitu dute, eta azokaz eta landareen erakusketaz gain, Gipuzkoako gozogileen produktuak ikusteko aukera izan dute herritarrek, eta Rafa Gorrotxategi gozogileak osagai modura eztia erabiliz egindako txokolatinak dastatu ahal izan dituzte.
Eguerdian, Aitxuri Herri Eskolako ikasleen marrazki lehiaketako sariak banatu dituzte. Eguna amaitzeko, arratsaldean, bertso jaialdia egin dute Andoni Egañak, Onintza Enbeitak, Eli Pagolak, Julio Sotok, Angel Peñagarikanok eta Amaia Agirrek eskolako gimnasioan, Kasino Elkarteak antolatuta.
Bi hitzaldi aurrez
Igandeko Erlezain Egunaz gain, egunari lotutako bi jarduera izan dira aurrez. Ostegunean, Koldo Belasko erlezainak Erleek barroaren eta liztorraren aurrean biziraiuteko behar dutena hitzaldia egin zuen Anduetzan, eta larunbatean, berriz, Jaume Cambrak erlezaintza ekologikoari buruzko azalpenak eman zituen parketxean.













