Legazpiko Nagusilanek 21. urteurrena ospatu du
Goizean boluntario bila ibili dira azokan, eguerdian bazkaltzeko elkartu dira, eta arratsaldean ekitaldia egin dute Latxartegin. Azken bi urteetan elkartea utzi dutenei aitortza egin diete.
Pertsona nagusiak laguntzen diharduen Nagusilan elkarteak 21. urteurrena ospatu du gaur Legazpin. Goizean zehar boluntario bila ibili dira azokan, eta eguerdian bazkaltzeko elkartu dira Gizarte Zentroan, eta arratsaldean ekitaldi nagusia egin dute Latxartegin.
Ekitaldia elkarteko kide diren Asun Ugarte eta Xabier Arrondok gidatu dute, eta Gipuzkoako Nagusilaneko lehendakaria den Jose Ramon Ezenarrok ere parte hartu du. Koldobike Olabide alkatea eta Maite Lonbide gizarte gaietako zinegotzia ere han izan dira. Latxartegin legazpiar ugari bildu da.
Buztintegitik sortua
Legazpiko Nagusilan 2000ko ekainean sortu zela gogoratu dute, Buztintegi elkarteren baitan. Ordurako Buztintegikoak ari ziren pertsona nagusiei laguntza ematen. Betidanik zahartze aktiboa eta solidarioa bilatu dutela nabarmendu dute, eta elkartearen helburuak pertsona zaurgarriei laguntasuna ematea eta pertsona nagusien artea boluntariotza sustatzea direla azaldu dute. Bide horretan, Eguneko Zentroan, zaharren egoitzan eta Garagunean egiten dute lan, baita Zilarrezko Harian ere. Herriko beste elkarteeekin duten lankidetza ere aipatu dute.
Ondoen, Mikel Bravok eta Gorka Gomezek egindako Nagusilan 21 urte dokumentala proiektatu dute. Bertan, 21 urte horietako errepasoa egin dute argazkiekin eta boluntarioen testigantzekin.
Hamahiru aitortza
Amaitzeko, omenaldien txanda iritsi da, azken bi urteetan elkartea utzi duten boluntarioak gogoratuz. Hauek izan dira omenduak: Pruden Agirre, Maite Agirre, Jose Ramon Hernandez, Maritxu Leon, Juan Inurritegi, Espe Calvo, Rosario Espina, Mari Jose Cantero, Arantxa Ariztimuño, Ramoni Zeberio, Esteban Paredes, Nieves Santillan eta Antonio Leza.