Arriarango mendi lasterketa luzean Joseba Larralde beratarra eta Oihana Zubillaga anoetarra garaile
Ibilbide motzean, Mikel Usandizaga aiarra eta Irati Larrañaga usurbildarra nagusitu dira. 171 korrikalarik parte hartu dute bi probetan. Lokatza ugari izan dute mendi bideetan.
Arriaranen gaur goizean jokatu da IX. Mendi Lasterketa, Xabier Mendizabal zenaren oroimenezkoa. Eguraldi goxoa lagun izan dute bi ibilbideetan atera diren 171 korrikalariek. Baina lokatz handia berehala suertatu zaie oztopo. Pandemiagatik bi urteko etena egin ondoren, gogotsu itzuli dira mendi lasterkariak eta antolatzaileak.
Ibilbide luzean (23 km), Joseba Larralde beratarrak irabazi du. Kilometroa 4:46 minutuko erritmoan osatuta, hasieratik bukaerara jaun eta jabe izan da. Lehenbiziko aldiz lehiatu da Arriarango proban. “Ibilbide polita iruditu zait, denetarik dauka eta: jaitsiera konplikatuak, igoera luzeak eta zelaian ematekoak ere bai. Lokatza asko zegoen, eta kosta zaigu. Baina eguraldi ona egin duenez, korrikarako aproposa zegoen”, azaldu du Larraldek.
Podiuma Oier Elortza azkoitiarrak eta Azpeitian bizi den Josu Imaz beasaindarrak osatu dute, gizonezkoetan. Emakumeetan, Oihana Zubillaga anoetarrak irabazi du. Aurkaririk ez du izan hark ere, proba ia osoa bakarrik egin baitu. Uxua Barandiaran zegamarra eta Naroa Uria azpeitiarra izan dira bigarren eta hirugarren.
Lokatzariak oztopoa suposatu arren, denbora oso onak lortu dituzte. Lau korrikalarik lortu dute luzean bi orduren mugatik behera iristea. Laugarrena Koldo Agirre beasaindarra izan da.
Motzean, Usandizaga eta Larrañaga
Arriarango IX. Mendi Lasterketako ibilbide luzekoak 09:30ean abiatu dira. Arriaran auzotik Usurbe gainera igo, atzera urtegira jaitsi eta hari buelta eman, eta Mandubiarako errepide aldeko basoan gora igota egin dute helmugarainoko buelta. Motzekoak 09:45ean abiatu dira, Arriaran inguruko mendietara lehenik, eta luzekoen bukaera berbera ondoren, korritzeko. Helmugaratzen lehenbizikoak proba motzekoak (11 km) izan dira.
Esprint modalitate laburrean, garaile Mikel Usandizaga aiarra izan da, kilometroko 4:32 minutuko erritmoarekin. Sustoa eman dio hari ere lokatzak, oinetakoa katigatu eta galdu baitu lasterketa buruan zihoala. Atzetik zeuzkan bik aurreratu dute, bukaeran bigarren egin duen Mikel Zabalegi ordiziarrak eta Garikoitz Bravo txirrindulari profesional ohi lazkaotarrak. 8. kilometroan lortu du Usandizabal atzera Zabalegi gainditzea eta lider ipintzea.
Emakumeetan, Irati Larrañaga usurbildarra da garaile. Hark ere lokatz “gehiegi” zegoela nabarmendu du, baina “gustura” aritu dela. Eskua hautsita, lehiatu ezinik egon da azken boladan, eta berriro karreretara goi mailan itzuli da. Goierriko Trail Kopako beste probak osatzeko asmoa dauka –baita Usandizagak bi aste barru Gabiriako Leharrei ere–. Larrañagak Idiazabalgo Axari Trail txikia irabazi zuen iaz, baita Aiako mendi lasterketa ere.
Omenaldia Intxaurpeko langileei
Arriarango Intxaurpe elkarteko zortzi emakumezkoren taldea omentzeko ere baliatu dute gaurko korrika eguna. Urtetan elkarteko sukaldean lanean jardun dira, boluntarioki eta borondate onenez, lasterketaren ingurukoak goxatzeko ahaleginean. Gazteagoei utzi diete txanda, eta antolatzaileen, partaideen eta arriarandar guztien esker ona jaso dute zortzi emakumeek. Lore sorta bana oparitu diete, eta elkartean jartzeko koadro-oroigarria.
Sailkapenak
(osorik Rockthesport webgunean)
Arriarango IX. Mendi Lasterketa, Xabier Mendizabalen oroimenezkoa.
Proba motza (11 km), esprint kategoria
Gizonak:
- Mikel Usandizaga (Aia), 49:50
- Mikel Zabalegi (Ordizia), 50:36
- Garikoitz Bravo (Lazkao), 52:19
Emakumeak:
- Irati Larrañaga (Usurbil), 1:01:20
- Maria Ezpeleta (Beasain), 1:05:17
- Olatz Unanue (Arama), 1:07:08
Proba luzea (23 km), trail kategoria
Gizonak:
1. Joseba Larralde (Bera), 1:49:32
2. Oier Elortza (Azkoitia), 1:53:42
3. Josu Imaz (Beasain-Azpeitia), 1:57:15
Emakumeak:
1. Oihana Zubillaga (Anoeta), 2:27:40
2. Uxua Barandiaran (Zegama), 2:40:18
3. Naroa Uria (Azpeitia), 2:45:31
Argazkiak: Aimar Maiz