Zumarragako azken hiru urteetako jaio berriek ere badute zuhaitz bana
Gaur ospatu duten Zuhaitz Egunean, 2019an, 2020an eta 2021ean jaiotako 99 haurren izenean arbola-landare bana aldatu dute, Ipar Haizea auzoan.
Zumarragan azken bi urteetan ospatu ezin izan den Zuhaitz Egunak gaur indar hirukoitzarekin berreskuratu du aspaldiko ohitura: herrian jaio diren haurren izenean, zuhaitz bana aldatu dute, Ipar Haizea auzuneko 17-20 zenbakien parean, Eitzaga aldeko hegian. Guztira, 99 zuhaitz landare sartu dituzte gurasoek, haur txikien senideek eta aitona-amonek Ikerlora lorezaintza enpresakoek lagunduta.
Aurrez izena eman duten beste horrenbeste familia gerturatu dira Ipar Haizera, goizean hiru txandatan, pilaketak saihesteko. 10etan hasi eta 12:30a pasatxoan bukatu dute landaketa. 2019an jaiotako 83 ume, 2020an jaiotako 68 eta 2021ean jaiotako 48 ordezkatu dituzte.
Haritzak, ezkiak, urkiak eta lizarrak landatu dituzte. 2020an eten behar izan zen ohitura hori, hain justu urte hartako landaketak egiteko zuloak ere prest zeudenean, pandemia iritsi baitzen eta dena bertan behera utzi behar izan baitzen. Beste urte batzuetan ikastetxeetako haurrek ere parte hartu izan dute. Gaur, 99 haurren familiek.
Argazkiak: Aimar Maiz
aimar