Klima aldaketa hizpide, EAJ-k larunbatean Legazpin egingo duen jardunaldian
Alderdiak abian jarri duen Entzunez Eraiki ekimenaren baitan kokatzen da topaketa. Bikuña jauregian izango da, 09:30ean.
Ingurumenarekin eta klima aldaketaren aurkako borrokarekin lotutako eragileei eta sektoreei zuzenduta, jardunaldi bat egingo du EAJ-k Legazpin larunbatean, hilak 19. Hitzordua 09:30ean izango da, Bikuña jauregian.
EAJ-k duela aste batzuk abian jarritako Entzunez Eraiki ekimenaren baitan kokatzen da jardunaldi hori. Entzute aktiboan oinarrituta, bost lan-ildo aztertzen ari da: gizarte politikak, klima aldaketa, sustapen ekonomia, gobernantza eta euskara. Gipuzkoako eskualde guztietara iristen ari da alderdia ekimen horrekin, proiektu eta proposamen zehatzak partekatuz, eta ekarpenak jasoz.
Legazpiko jardunaldia Imanol Goenaga Eusko Jaurlaritzako Ingurumen aholkulariak zuzenduko du, eta Euskadik ingurumenaren arloan datozen urteetan izango dituen erronkak azalduko ditu, egungo diagnostikotik abiatuta. Azalpen horretan, klima aldaketari aurre egiteko garatzen ari diren estrategietan sakonduko du. Imanol Lasa GBBko Berrikuntza Politikoaren arduradunak ere parte hartuko du, Koldobike Olabide Legazpiko alkatearekin eta gaian adituak diren Zigor Urkiaga eta Asier Arreserekin batera. Urkiaga Eusko Jaurlaritzako Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazio zuzendaria da, eta Arrese, HAZIko zuzendari ohia da.