Bide publikoa hobetzera eta ingurumen jardueretara bideratuko dute iazko udal aurrekontuaren soberakina
Oscar Valbuena Legazpiko PSE-EEko zinegotziak azaldu duenez, sozialistek EAJrekin izandako negoziaketaren lorpena da. Soberakinen 227.000 euro erabiliko dituzte lan horiek egiteko.
Legazpiko iazko udal aurrekontuaren gerakinetatik 227.000 euro, “sozialisten ekimenez”, bide publikoa hobetzeko eta ingurumena babesteko jardueretara bideratu izana positiboki baloratu du Oscar Valbuenak. “PSE-EEk EAJren udal gobernuarekin egindako negoziazioen ondorioz” lortu dela azaldu du zinegotziak, eta jarduera garrantzitsu horien definizioan sozialistek “eragin erabakigarria” izan dutela nabarmendu du.
Bide publikoa hobetzeko jarduketei dagokienez, Legazpiko hiru gunetan egingo diren asfaltatze lanak aipatu ditu Valbuenak, “95.000 euroko aurrekontuarekin, San Jose auzoa, San Juan haur eskolatik Laubideko biribilguneraino doan bidea eta Arantzazuko zenbait puntu asfaltatuko dira”. Domingo Agirre ikastetxe publikoko sarbideak hobetuko direla ere azaldu du, “18. eta 24. atarien artean espaloi bat” eraikiko da, 30.000 euroko inbertsioarekin. Beste 60.000 euro Motxorro eta Mirandaola arteko bidegorria konpontzera bideratuko dira.
Bestetik, PSE-EEk “ingurumena hobetzeko negoziatu dituen jarduerak” zeintzuk diren ere azaldu du Valbuenak. Horietako lehena, Bikuña kiroldegiko teilatuan plaka fotovoltaiko gehiago jartzea da, 30.000 euroko inbertsioarekin, “sozialiston apustu argia jasangarritasunean eta energia berriztagarrietan aurrera egitea” delako. Beste 12.000 euroko partida bat ere aipatu du, Urola ibai ertzean sare metalikoak jartzeko.
Jarduketa horiek asteazkenean bildutako Antolakuntza Batzordean adostu dituzte, eta eskatzen duten kreditu aldaketa hurrengo asteko plenoan onartu beharko da. PSE-EEren udal taldeko bozeramaileak iragarri duenez, sozialisten botoa “aldekoa” izango da.